Sahararen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte 30 bat herritan

Euskadi Sahara Mugimenduak antolatu ditu elkarretaratzeak, Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaritzaren laguntzarekin

Sahararen aldeko elkarretaratzea, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Sahara aske izatea nahi dutela. Mezu hori zabaltzeko, elkarretaratzeak egin zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 bat herritan. Euskadi Sahara Mugimendua taldeak Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaritzaren laguntzarekin deitutako protestetan aldarrikatu zuten guda bukatzeko irtenbidea erreferenduma dela.

Azaldu zuten badituztela arrazoiak kalera irteteko. Batetik, Marokoren komunikazio estrategia salatu zuten, «blokeo informatiboan eta gatazka armatuaren ukazioan oinarritutakoa». Bestetik, herritarren aurkako errepresioa areagotu egin dela nabarmendu zuten: «Kezkatzen gaitu Saharako lurralde okupatuetan saharar herriaren aurka eta, batez ere, ekintzaileen aurka areagotutako errepresioak».

Kritiko azaldu ziren nazioarteko jarrerarekin. Nazio Batuen Erakundea aipatu zuten: «Nazio Batuen Erakundea eta Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko duen misioa salatzen ditugu, 45 urtean saharar herriaren sufrimenduaren aurrean erakutsitako utzikeriagatik». Espainiako Gobernuari, berriz, bi eskaera egin zizkioten: «Eskatzen diogu 1975ean egiteke utzi zuen deskolonizazio prozesuari berriro ekiteko, baita duela 29 urte egin behar zuen erreferenduma bultzatzeko ere». Alderdi politikoei ere zuzendu zaizkie: «Euskal erakundeetako alderdi politiko guztiei eskatzen diegu susta dezatela saharar herriaren autodeterminazio askearen eskubidea bermatuko duen gatazkaren konponbide justu, baketsu eta iraunkorra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.