Zaila bai, ezinezkoa ez

Eibarrek Bartzelonaren zelaian emango dio amaiera lehen itzuliari, gaur. Azkeneko lau partidak berdindu egin dituzte eibartarrek

Charles Dias, Valentziari sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Ligako lehen itzulia gaur bukatuko zaio Eibarri, eta lehiaketako zelairik zailenetako batean ariko da: Camp Noun. Erronka gizena dauka parez pare.

Oso agerikoa da zaila izango dela punturen bat urratzea, eta garbi dago faborito argia Bartzelona liderra dela ere, baina partidak jokatu egin behar dira, eta, zailtasuna onartu arren, ez da ezinezkoa emaitza ona ateratzea.

Oso bolada ezberdinetan dira bi taldeak. Bartzelona garaipenaren olatuan dabil Ligan, eta Eibar, berdinketaren eskasia gainditu ezinda, azken lau partidetan puntu bakarra lortu baitu. Jokoari dagokionez, Eibarrek ez dauka uzkurtzeko inolako motiborik, ederki ari baita, ohikoa duen jokamoldean oinarrituta. Joko onak, ordea, ez dio puntuak hirunaka batzeko aukera eman. Horregatik dago jaitsierako lekuetatik hiru puntu eskasera —herenegun Rayok irabazi egin zuelako—, eta ez da lasai ibiltzeko aldea.

Puntuak behar ditu Eibarrek, eta dudarik ez da gaur ere horretara aterako dela, atzo Andoni Azkargorta bigarren entrenatzaileak azaldu zuen bezala —Mendilibarrek gaur beteko du bigarren eta azken partida zigortuta—: «Betiko esaldiak erabiliz, asko dugu irabazteko eta gutxi galtzeko. Taldea ondo ari da lanean, eta baita lehiatzen ere, eta Bartzelonan gauza bera egitera aterako gara». Lehiatu ez ezik, jokatu ere ondo jokatu beharko du, eta horren barruan sartzen da gaurko aurkaria ahalik eta gehien oztopatzeko modua: «Defentsako lanean, lerroen artean eta lerro barruan, zehazki, ezingo ditugu zuloak utzi, eta erasoan asmatu egin beharko dugu, golik sartu gabe oso zaila izango zaigulako puntu bat ateratzea. Azken batean, partida biribila jokatu behar dugu».

Bartzelona parez pare jartzen den bakoitzean, ezinbestean hitz egin behar izaten dute aurkariek Leo Messiren inguruan, eta Azkargortak ondo xehatu zuen argentinarraren eragina zenbatekoa izaten den partida guztietan: «Urtero dabil oso ondo, eta, niretzat, gaur egungo onena da. Badaki jokoan ez agertzen, leku egokian egoteko gero baloia hartzeko orduan, eta badakigu ezingo diogula galarazi baloia hartzea une guztietan. Lortu behar duguna da hartzen duenean ez egotea eroso».

Inoiz ez du punturik atera

Onartu zuen antzemango dutela Ivan Ramisen zuloa defentsako lanean, lesio baten eraginez ez baita ariko: «Datuak hor daude, eta hark jokatzen duenean ateratzen ditugu emaitzarik onenak. Hobeto estutzen dugu goian, eta atzealdean ere erosoago jarduten dugu». Charles Dias aurrelariak ere ezingo du jokatu, hori ere minez dagoelako. Bi jokalari horiek hasieratik aritu ziren azkeneko partidan, Vila-realen aurka. Pedro Leon osatu gabe dago oraindik, eta Jordi Calavera eta Pablo Hervias deialditik kanpo utzi dituzte entrenatzaileek.

Gainerakoak jokatzeko moduan daude, eta zelairatzen diren guztiek egin beharko dute lan ona emaitza ona ateratzeko. Ez du inoiz hori lortu Bartzelonan, punturik ez baitu sekula atera Eibarrek Camp Noun.

BARTZELONA-EIBAR

Bartzelona. Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Lenglet, Jordi Alba;

Busquets, Rakitic, Arthur; Dembele, Luis Suarez eta Messi.

Eibar. Riesgo; Peña, Oliveira, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Diop, Jordan, Cucurella; Enrich eta Kike.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. Camp Nou (99.354 ikusle).

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.