Puntu bat, eta barrura

Logroñok galdu egin du Granollersen, eta, beraz, Bidasoa Asobal koparako sailkatuko da gaur Artalekun Sinfini irabazten badio

Esteban Salinas, jaurtitzear, Bidasoak jokatutako azken partidan, Cangasen aurkakoa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gaur jokatuko dute Asobal ligako lehen itzuliko azkeneko jardunaldia, eta hori eginda, otsailera arteamaituko da lehia hamasei taldeetatik hamabirentzat. Beste lauk, ordea, Asobal kopa jokatuko dute asteburuan, Valladoliden (Espainia). Bartzelona, Ademar eta Valladolid sailkatuta daude jada: lehena, aurreneko itzuliko txapeldun moduan; bigarrena, bigarren sailkatu gisa; eta hirugarrena, antolatzaile moduan. Beste toki bat dago dantzan, eta Logroño eta Bidasoa ari dira lehian hori lortzeko.

Irungo (Gipuzkoa) taldeak eskura du bigarren urtez jarraian Asobal kopa jokatzea. Nahikoa du gaur Artalekun Liberbank Kantabria Sinfinekin berdintzea helburua lortzeko. Bidasoari mesede galanta egin dio Logroñok atzo Granollersen (Herrialde Katalanak) 40-35 galdu izana. Izan ere, sailkapenean, berdinduta daude Espainiako taldea eta Euskal Herrikoa, 22 punturekin, baina Logroñok partida bat gehiago jokatu du. Logroñok gol alde hobea duenez, gaur galtzeak bakarrik utziko luke Bidasoa kanpoan.

Itxuraz, irabazteko moduko partida da Sinfinen aurkakoa. Sailkapenean, alde handia dago, Espainiako taldea bederatzigarren baita, Bidasoak baino hamabi puntu gutxiagorekin. Ez dago bolada onean, galdu egin baititu azken bi neurketak, Angel Ximenez Puente Genilen aurka etxetik kanpo eta Helvetia Anaitasunaren kontra etxean. Bidasoak, berriz, bi neurketa baino ez ditu galdu ligan, bakarra etxean, Bartzelona ahaltsuaren aurka. Cuetara, halere, ez da fidatzen. «Talde deserosoa izan ohi da. Zaila da aldea egitea eta partida haustea, baina etxean ariko gara, eta bolada onean gaude. Ea Asobal koparako sailkatzen garen, eta lehen itzuli zirraragarri honi ginga jartzen diogun».

Sailkatuko balitz, Bidasoak gaur bertan izango luke finalerdietako aurkariaren berri. Bartzelona edo Valladolid izango luke aurkari.

Anaitasuna, ondo amaitzera

20:15ean hasiko da Bidasoaren neurketa, eta hiru ordu laurden geroago Ademarrena, Iruñean, Anaitasunaren aurka. Denboraldia oso gorabeheratsu hasi ondoren, Iruñeko taldeak bide zuzena topatu du. Hala, irabazi egin ditu azken hiru neurketak. Horri esker, jauzia eman du sailkapenean, eta zazpigarren da orain, hamahiru punturekin. Gaur irabazita, ez luke posturik igoko, baina bikain amaituko luke lehen itzulia. Hori da gaurko helburua.

Horretarako, baina, Ademarri irabazi behar dio. Erronka zaila da, Leongo taldeak bi partida besterik ez baitu galdu, Bidasoaren eta Bartzelonaren aurka. Baina sasoiko garairik onenean da Anaitasuna. Iñaki Anizek ere hori uste du: «Azken partidetako bolada ona aprobetxatu nahi dugu, irabazten saiatzeko. Erronka zaila da, Ademar oso indartsua baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.