Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Errusia klimaren salbaziorako autobidean

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Egipton egiten ari diren COP27an, klima aldaketa infernura daraman autobidea dela azpimarratu du Nazio Batuen idazkari nagusiak. Errusiako gobernuarentzat, ordea, lurraren tenperaturaren igoera salbaziorako autobidea da. Klima aldaketari esker, garrantzi ekonomiko eta geoestrategiko itzela duen Artikoko autobidean geroz eta errazago bidaiatu dezakete ontziek, eta eskuragarriagoak dira bertakopetrolioa, gasa eta metal preziatuak.

COP27 batzarreko ordezkariak bilduta zeudela, izotza apurtu dezakeen Vasily Dinkov petrolio-ontzia Europatik Asiarako bidean jarri du Rosfnet petrolio enpresak. Murmansetik Txinako Rizaho portura lau egun barru iritsiko da, 2.500 kilometroko bidea egin eta gero. Artikoko itsas-bideak erdira murrizten du Europatik Asiara joateko behar den denbora. Datorren urterako ibilbidea urte guztian zehar irekita mantentzea du helburu Putinen gobernuak. Ontzi izotz-hausle nuklear berriekin 80 miloi tona produktu garraiatu nahi ditu 30 zentimetro eta bi metro arteko sakonera izaten duen izotzean barrena. Ukrainako inbasioaren ondorioz, Errusiaren aurka Mendebaldeak hartu dituen zigorrek handitu egin dute Artikoko itsasbideak Putinentzat duen garrantzia. Abenduaren 5ean indarrean sartuko da Europako Batasunean Errusiari itsasoz eramaten den petrolioa erosteko debekua. Presazkoa da itsasoan trafikoa handitzea Europako Batasunean saldu ezin duen petrolioa eta gasa Txinara azkarrago bideratzeko.

Errusia gainontzeko herrialdeak baino 2,5 aldiz azkarrago ari da berotzen. Halere, Kremlinek beti garrantzia kendu izan dio arazoari nazioartean etekin gehien ateratzen saiatzen den bitartean. Zurrumurruek diote 2004an Errusiak Kyotoko Protokoloa sinatzeko arrazoi nagusia Europako Batasunarekin ezkutuan egindako akordio bat izan zela; Protokoloa sinatzearentrukean, Munduko Merkataritza Erakundean sartzeko behar zuen babesa eman zion Bruselak, alegia.

2019. urtera arte Putinek ez zuen esan klima aldaketa gizakiek eragindako fenomenoa dela. Mendebaldean ez bezala, Errusian ez dago klima aldaketari aurre egiteko presiorik. Presio bakarra hazkunde ekonomikoa da. Gobernuak klima aldaketaren kalteak ezkutatzen dizkie herritarrei, kalteak salatzen dituztenak zigortzen ditu eta erregimenak bizirauteko behar dituen petrolio eta gas industriaren interesa bakarrik defendatzen ditu. Levada inkesta zentroak egindako galdeketaren arabera, errusiarren %53k bakarrik pentsatzen dute klima aldaketa fenomeno kezkagarria dela. Isuriak murrizteko zuhaitz gehiago landatzea proposatzen dute hamar herritarretik bederatzik, Kremlinek zabaldutako ideien ildotik. Azken finean, Putinen gobernuak dio Errusiako basoek harrapatuko dituztela CO2 isuri gehienak, eta horrela lortuko dutela karbono neutraltasuna 2060rako. Klima aldaketa eragiten ari den lehorteak eta suteak baso kopurua murrizten ari dira, baina egoera horri aurre egiteko ere, konponbidea zuhaitzak dira; zuhaitz gehiago landatzea.

G20ko herrialdeen artean CO2 isuri gehien sortzen dituen herrialdeetan laugarrena da Errusia, eta isuriak murrizteko neurri gutxien hartu dituena. Parisen Putinek hartu zituen konpromisoetatik ez da lege eraginkorrik atera. Etxean izan ezik, nazioartean ere ez dauka presiorik Errusiak. Nazioartetik etor zitezkeen presioak izoztuta daude Ukrainako gerrarekin, Europako Batasunaren CBAM Karbono Mugako Doikuntza Mekanismoa izeneko muga zerga berdea tartean. Datorren urtean jarri nahi dute martxan bost sektoretan inportazio zikinak muga zerga handiagoekin zigortuko dituen mekanismoa. Europako Batasunaren merkataritza bazkideen artean aurreikusten zen Errusia izango zela kaltetuena, eta Errusiako industria kutsagarria garbitzeko akuilu gisa erabili zitekeela pentsatzen zuten askok.

Artikoan, Karako itsasoaren kostaldean, Errusiako petrolio porturik handiena eraikitzen ari dira. Klima aldaketak infernurako etorbidean daraman abiada ikusita, eraikitzen ari diren eraikin eta azpiegituren etorkizuna arriskuan dago. Artikoko izotzarekin batera, lurreko izotza ere bai, permafrost lurzoru mota azkar urtzen ari delako. Errusiaren etorkizun ekonomiko eta politikoa klima aldaketak baldintzatuko du, eta epe laburrean onurak baino ez ditu ikusten Kremlinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.