Pasioaren pedagogia

Bihar beteko dira 100 urte Leonard Bernstein konpositore, orkestra zuzendari, pianista eta musika dibulgatzailea jaio zela. XX. mendeko musikaren izarretako bat izan zen, pop kulturako fenomenoa. Konposatzen, zuzentzen eta telebistan istorio kontari aritzen zen, mezuaren zerbitzura.
Bernstein Amsterdamgo Concertgebouw orkestrarekin entseatzen, 1987an.
Bernstein Amsterdamgo Concertgebouw orkestrarekin entseatzen, 1987an. BART MOLENDIJK / ANEFO

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 24
New Yorkeko Orkestra Filarmonikoko zuzendari laguntzaile izendatu zuten Leonard Bernstein 25 urterekin, Bruno Walterren aginduetara. 1943ko azaroaren 14an, gaixotu egin zen Walter, eta Bernstein gazteari eskatu zion arratsaldeko kontzertua zuzen zezan. Ez ziren lan errazak orkestrak joko zituenak: Robert Schumannen Manfred, Richard Straussen On Kixote, eta Richard Wagnerren Nurenbergeko maisu kantariak-en preludioa. Bernsteinek aurretik sekula ez zituen kontzertu horiek zuzendu —Wagnerrena izan ezik—, eta egunean bertan prestatu ondoren, emanaldi arrakastatsua gidatu zuen, eta bere belaunaldiko zuzendari izar bilakatu zen.

Lawrencen (Massachusetts, AEB) jaio zen Leonard Bernstein, 1918an, baina New York hiriarekin lotura estua izan zuen beti. Hantxe hil zen, 1990ean. Garai hartako New Yorkeko komunitate artistikoaren parte ere izan zen, Aaron Copland, Normal Mailer, Mark Rothko eta Tennessee Williamsekin batera, besteak beste. Puritanismoaren eta bazterkeria sozialaren garaian, erreakzio kultural eta politikoa ere izan ziren artistok.

Ospe handia lortu zuen Bernsteinek, ezohiko ibilbidea egin baitzuen: konpositorea zen, pianista, orkestra zuzendaria, hainbat borrokatako ikonoa eta telebista aurkezlea —ikusle kopuru izugarri handiekin, gainera—. Tsarraren Errusiatik ihesi joandako familia batean sortu zen, eta hebrear kultura garrantzitsua izan zen bere bizitzan. 1939an graduatu zen Harvard unibertsitatean, zuzendaritza eta orkestrazioa ikasita. Pianista iaioa zen, eta bakarlari ibilbide oparoa izan zezakeen aurretik, baina diziplina guztiak landu nahi izan zituen. Lan asko konposatu zituen hasierako urteetan, orkestra zuzendaritzari hainbeste denbora eskaini aurretik. Haietan nabari daiteke bere estilo eta eragin nahasketa: Europako musika abstraktua, sustrai hebrearrak, eta genero bereziki estatubatuar bat, musikala, iraultzeko nahia.

XX. menderako genero berri bat sor zitekeela uste zuen Bernsteinek, eta hori zen bere anbizioa, Broadwayren mugekin topo egin zuen arte. West Side Story musikalarekin egundoko arrakasta lortu zuen 1957an, partitura arriskatu batekin, gainera, generoko gainontzeko lanekin alderatuta. West Side Story-rekin batera, Voltaireren Candide lanean oinarritutako opereta bat idatzi zuen, maila handiko antzezlana, umore zirikatzailez betea eta mezu askatzaile irmoa zeramana. Ez zuen inolako arrakastarik lortu, eta bi hilabete besterik ez zuen iraunzinema aretoetan. Sofistikatuegia, akaso, West Side Story maitatu zuen publikoarentzat.

Denean egon nahi izan zuen Bernsteinek, eta sekula ez zuen bere konpromiso soziala ezkutatu. Amnesty Internationalen alde agertu zen jendaurrean, eta Hegoafrikako apartheidaren eta Vietnamgo gerraren aurka. Bere aldarrikapen politikoek FBIren susmoa piztu zuten: 1949an, «fronte komunistak» zirelakoen jarraitzaile izendatu zuten txosten batean, eta zerrenda beltzean sartu zuten berehala. Urteak eman zituen CBS katean debekatuta, eta zinemarako soinu bandarik egin gabe. 1953. urtean, hamaika orriko agiri bat sinatu zuen esanez ez zela komunista. Orduan kontratatu zuen Warner Brosek soinu bandak egiteko, eta orduan hasi zen CBS katean agertzen.

Apolo eta Dioniso

Bernsteinek beste orkestra zuzendari batekin lehian pasatu zuen bizitza osoa: Herbert von Karajanekin, hain zuzen, XX. mendeko beste zuzendari izarrarekin. Judu errusiar emigrantea eta nazismoan ezagun egin zen austriar aristokrata, parez pare. Berlingo Orkestra Filarmonikoko zuzendaria zen Karajan, batuta begiak itxita zituela astintzen zuen zuzendari agresibo eta zorrotza. Haren aldean, bitxia zen Bernstein, kanporakoia, saltoka eta izerditan aritzen zen podiumean, energia handiarekin. Musikariekin ere gertuko harremana izaten saiatzen zen, eta asko harrituta geratzen ziren haiek Lenny deitzen ziotela ikusita. Musika zuzentzeko bi ereduren arteko talka irudikatzen zuten, pasioa kontenplazioaren aurrean, baina Atlantikoaren alde banatako lidergoa ere jokoan zegoen haien artean.

Berlingo orkestrak Bernstein gonbidatu zuen behin, haren autore kutun Gustav Mahlerren lan bat zuzentzeko. Entseguetan, orkestrako musikariak Karajanen soinu irmora hain ohituta zeudela ikustean, zera esan zien Bernsteinek: «Zuek ahaztu egin duzue musika dibertigarria izan daitekeela». Erabateko aldaketa eragin zuen orkestran, eta emanaldi arrakastatsua eman zuten azkenean.

Mass media-k eskaintzen zizkien aukera guztiak erabili zituzten bi zuzendariek haien ospea handitzeko, bakoitzak bere modura. Karajanek grabaketa estudioetan ematen zuen denbora, eta diskoaren industrian gotortu zen. Bernsteinek, ordea, beste bide bat aukeratu zuen: telebista.

Dibulgazio lan handia egin zuen zuzendariak telebistan, Omnibus eta Young People's Concerts saioetan, batez ere, 50eko hamarkadatik 70ekora arte. New Yorkeko Filarmonikoko buruak musikaren munduko sekretu guztiak azaldu zizkien ikusleei: gai teknikoak —nola zuzendu orkestra bat, zer den sonata bat—, konpositore ezagunen inguruko disertazioak —Beethoven, Stravisnky—, eta pop musikako erreferentziak. Komunikatzaile iaioa zen, eta musika klasikora hurbilarazi zituen telebista ikusleak. Izen handiko konpositoreen lanak The Beatlesen abestiekin alderatzen zituen, eta beisboleko konparazioak erabiltzen zituen hamar milioi ikusleri sinfonia bat azaltzeko. Oso ezagun bilakatu zen jendearen artean, baina inguruko musikariek ez zuten oso begiko, eta berak bazekien hori: «Zuzendariek ez naute zuzendari kontsideratzen, pianistek ez naute pianistatzat hartzen, eta konpositoreentzako ez naiz haietako bat». Arthur Rubinsteinek, ordea, erantzun borobila eman zuen Mozarten sonata bat jotzen ikusi zuenean: «[Bernstein] Pianistarik onena da zuzendarien artean, zuzendaririk onena konpositoreen artean, eta konpositorerik onena pianisten artean. Jenio unibertsala da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna