Festa biribila izan da

Bera Berak balentria egin du, eta astindua eman dio Craiovari: 32-21. Defentsan sendo eta kontraerasoan eraginkor izanda nagusitu da

Sara Gil Bera Berako ezker hegalekoa, jaurtitzen, atzo, Artalekun. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Beldurra emanez iritsi zen Craiova Euskal Herrira. EHF kopako txapelduna izatea edonor kikiltzeko nahikoa arrazoi ez bazen, ligaxkako lehen partidan egindakoak are beldurgarriagoa egiten zuen: hamabi golean utzi zuen Nykoebing Falster Danimarkako talde indartsua: 18-12. Argi zegoen: Super Amara Bera Berak balentria egin beharko zuen Errumaniako taldeari irabazteko.

Bada, balentria ez, balentria itzela egin zuen Donostiako taldeak atzo, 11 golen aldearekin irabazi baitzion Craiovari Irunen (Gipuzkoa), Artalekun: 32-21. Inor gutxik espero zuen Bera Bera horren erraz nagusituko zela, eta are gutxiago partida nola hasi zen ikusita: Craiova indartsu hasi zen, eta 11. minutuan jada hiru gol zen aurretik: 4-7. Errumaniarrak aise ari ziren golak sartzen. Donostiarrek, ordea, nekez zulatzen zuten Dzhukevak defenditutako atea.

Aukerarik izan nahi bazuen, bere oinarrietan sendo aritu beharko zuen Bera Berak: defentsan sendo jardun, eta kontraerasoan bizi-bizi irten eta asmatu. Pentsatu eta egin. Horma bat eraiki zuten defentsan, eta Arrudak beste bat atean. Erasoan, berriz, min handia egin zioten Craiovari kontraerasoetan. Ondorioa: 14-3ko partziala lortu zuen Imanol Alvarezek entrenatutakoek. Atsedenaldian, zortzi gol ziren aurretik: 18-10.

Errumaniarren susperraldia espero zitekeen bigarren zatian, baina horretarako aukera txikiena ere ez zieten eman etxekoek. Are gehiago, aldeak, behera egin beharrean, gora egin zuen: hamahiru golen aldea izan zuen Bera Berak bigarren zatiko tarte askotan. Azkenean, 11 golen aldearekin irabazi zuen.

Talde gisa, bikain aritu zen Donostiako taldea, eta hamar jokalarik sartu zuten gutxienez gol bat. Arderiusek zazpi sartu zituen; Cardosok, bost; Arrojeriak eta Etxeberriak, lau; Gilek eta Teresek, hiru; Karstenek eta Menendezek, bi eta Berasategik eta Ezkurdiak, bat. Craiovan, berriz, Vizitiu nabarmendu zen: zazpi gol sartu zituen.

Garaipen argiari esker, multzoko lehen postuan jarri da, Craiovarekin eta Podravka Vegetarekin berdinduta —bi puntu dituzte—, baina gol alde hobearekin. Kroaziako taldeak eta Nykoebing Falsterrek gaur jokatuko dute, Danimarkan. Hain zuzen, herrialde horretan jokatuko dute donostiarrek ligaxkako hirugarren partida, hurrengo larunbatean, 15:00etan.

Atzoko eguna biribiltzeko, Espainiako Ohorezko Mailan, Hotel Gran Bilbao-Prosetecnisa Zuazok ere irabazi egin zuen. 19-27 nagusitu zen Alcobendasen (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.