AEBetako ehunka hiritan protestak egin dituzte migrazio politikaren aurka

Etxe Zuriaren parean 30.000 lagun elkartu dira. Trumpek atxilotuta eduki nahi ditu etorkin familiak «immigrazio prozedurek iraun bitartean»

Atzoko martxa handien bezperako protesta bat, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE.
mikel rodriguez
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
AEBetako 750 hiritan baino gehiagotan protestara atera ziren atzo Donald Trump presidentearen migrazio politikaren aurka. Legez kanpo sartu diren familietan gurasoak eta seme-alabakelkarrengandik banatzeko hartutako erabakiak piztu ditu manifestazioetarako deialdiak. Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen erabaki hori bertan behera uzteko «hamalau egunetik 30erako epean», baina ez dago argi nola ari diren aplikatzen. Gainera, herenegun jakinarazi zuen familiak banatuko ez badituzte ere elkarrekin atxilotuta edukiko dituztela «immigrazio prozedurek iraun bitartean».

Washingtonen Etxe Zuri pareraino eraman zioten protesta presidenteari. Antolatzaileen arabera, 30.000 herritar baino gehiago elkartu ziren Familiek elkarrekin egon behar dute lelopean. Hainbat pertsona ezagunek babesa eman zieten manifestazioei, eta Washingtonen horietako batzuek hitza hartu zuten martxaren bukaeran. «Gure demokrazia jokoan dago. Gure gizatasuna jokoan dago. Hemen gaude gure nazioaren arima salbatzeko», adierazi zuen Alicia Keys abeslariak.

Desafioa demokratei

Trumpek, ordea, ez du gibelera egiteko asmorik, eta migrazio legeak gogortzeko eta legez kanpo migratu dutenen aurkako errepresioa areagotzeko politikari eutsiko dio. Alderdi Demokrataren sektore bat kanpaina bat egiten ari da ICE Immigrazio eta Aduana Indarra agentzia desegiteko—familiak banatzeaz arduratu dena—, eta alderdi horretako adarrik aurrerakoienetako gero eta kide gehiagok migrazio politika hartu dute oposizioa egiteko aldarri nagusitzat. «Espero dut horretan jarraitzea, hagitz porrot handia jasoko baitute», erran dio Trumpek Fox Business kateari, gaur argitaratzekoa duen elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.