Iritsi da lehia azkenean

Lehen bi partida ofizialen atzerapenaren ostean, gaur ekingo dio sasoiari Bidasoak, Europako Ligan, Paucen aurkako kanporaketarekin

Kauldi Odriozola, jaurtiketa bat egiten, aurreko sasoian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kirolariei lehiatzea gustatzen zaie, zer esanik ez COVID-19arenpandemiak eragindako eten luzearen ostean. Norgehiagokek eragiten dieten zirraraz gozatu nahi dute, eta sasoian dauden ikusi. Bidasoako jokalariek bi aldiz izan gertu une hori: aurreko larunbatean, Europako ligan, Paucen kontra; eta, asteartean, Ademarren aurka, Asobal ligan. Baina aurkarien koronabirus kasuek, eta Asobalen osasun protokolorik ez egoteak, lehia horiek atzeratu behar izatea ekarri zuen. Bada, azkenean, gaur ekingo diote ofizialki sasoiari, Paucen aurkako Europako Ligako atariko kanporaketarekin. Azkenean, partida bakarrera izango da, eta Artalekun jokatuko da (21:00).

Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak argi du: «Badakigu egoera zein den, eta hartu dituzten erabakiak logikoak dira. Guri ere gerta dakiguke. Baina partidak atzeratzeak ez dio inori mesede egiten. Erritmoa hartzeko jokatu egin behar dugu. Dena den, ezin dugu horretan pentsatu, baizik eta arreta osoa partidan jarri behar dugu».

Taldea ondo ikusten du Cuetarak, eta gustura dago denboraldi-aurrean egindako lanarekin. Gaur egin dezakete debuta talde gipuzkoarrarekin Jose Manuel Sierra atezainak, eta Nicolas Bonnano eta Emil Racotea ezker hegalekoek. Julen Aginagaldek, bestalde, berriz jantziko du elastiko horia neurketa ofizial batean.

Irundarren helburua aurreko sasoian Txapeldunen Ligan emandako irudia errepikatzea izango da. Multzoko fasean partida bakarra galdu zuten, eta final-zortzirenetara sailkatzeko kanporaketan esan zioten agur txapelketari, Wislaren kontra.

Ez du aurkari erraza gaurkoan, ordea, Cuetararen taldeak. Pauc seigarren izan zen aurreko sasoian Frantziako ligan. Postu horretan amaituta, ez zen Europan jokatzeko sailkatu. EHFk emandako gonbidapenetako bati esker ariko da Europa ligan.

Hirugarren denboraldiz jarraian jokatuko du txapelketan. Duela bi sasoi ez zuen multzoko faseetara ailegatzea lortu; iaz, berriz, bai.Taldean izan dituzten koronabirus kasuak tarteko, frantziarrek ez dute partidarik jokatu denboraldi-aurrean. «Gainera, entrenatzailea aldatu dute, eta, ziurrenik, oraindik jokalariek ez dute haren jokamoldea erabat barneratu», nabarmendu zuen Cuetarak. Baina teknikariak uste du Paucen jokoa ez dela asko aldatuko. «Defentsa sendoa, irmoa eta ordenatua dauka. Iñaki Peciña da horren zutarria. Bestalde, erasoko zama Nicolas Claire erdikoak darama. Gertutik zaindubeharko dugu. Golak sartzeaz gain, pase erabakigarriak ematen dizkie taldekideei».

Bi euskal herritar

Peciñak Bidasoan jokatu zuen, eta laugarren sasoia du Paucen. «Oso gustura eta eroso nago, eta espero dut hemen denbora luzez segitzea». Harekin batera, beste euskal herritar bat ere bada taldeak: Imanol Gartziandia. Zumarragakoa taldera iritsi berri da, eta honela aztertu du Bidasoaren kontrako kanporaketa: «Ez dut uste faboritoak gu garenik. Oso partida zaila esta estua izango da. Bidasoak bi hilabeteko denboraldi-aurrea egin du; guk, berriz, bata dela, bestea dela, bakarrekoa. Hori antzeman egiten daiteke. Baina dena emanago dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.