Espanyol menderatzen saiatuko da gaur Alaves, Mendizorrotzan

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 2
Joko eskasa, eta golik ez. Askok déjà vu itxura hartuko diote Alavesen liga hasierari, aurreko sasoian antzeratsu ibili baitzen: jokoa eta golak falta zaizkio, sentipen hobeak eduki arren. Arabako taldeak batu du dagoeneko lehen puntua —iragan sasoian, berriz, lehen sei partidak esku hutsik bukatu zituen—. Edonola ere, ageriko gabeziak erakutsi, eta mamu zaharrak inguratu zaizkio. Zalantzak ahalik eta azkarren uxatu nahi ditu, eta horretarako abagune ona du gaur, Espanyolen aurka, etxean jarraian jokatuko duen bigarren partidan.

Erasoan gauzak proposatzeko, Betis baino aurkari egokiagoa da Espanyol. Aurreko partidan, une gehienetan izan zuen baloia Quique Setienen taldeak, eta Alavesek kontraerasoetara mugatu behar izan zuen jokoa. Gaur, ordea, bestelako erregistroak erakusteko aukera izango du, Espanyolek ez baitu baloia bahitzen. Pina gabe, zaila da arabarrek aginte makila irmo hartzea. Zernahi ere, ekimen handiagoa eduki beharko lukete gasteiztarrek.

Zalantza gutxi du Abelardok. Baikor mintzatu zen herenegun: «Ondo lehiatu gara Bartzelonaren eta Betisen aurka, eta lan ona egin dugu aste honetan. Uste dut irabazteko moduan izango garela igandean [gaur]». Aurkariari dagokionez, Espanyolek «gihar ekonomikoa» eta «helburu handiagoak» dituela nabarmendu zuen. «Gauzak zailtzen ahaleginduko gara».

Azkar hasi da Espanyol Rubiren eskua nabaritzen. Txukun ekin dio ligari, Celtaren zelaian berdindu eta Valentziari etxean irabazita. Edonola ere, Alavesek neurria hartua dio Mendizorrtzan.Hamahiru aldiz hartu ditu kataluniarrak Lehen Mailan, eta behin baino ez du galdu. Gainontzeko hamabi partidetatik, zortzi irabazi eta lau berdindu ditu. Gaur bederatzigarren garaipena lortu nahi dute, eta ligako lehen etenera aldarte onean iritsi.

ALAVES-ESPANYOL

Alaves. Pacheco; Martin, Maripan, Laguardia, Duarte; Ibai Gomez, Manu García, Wakaso, Jony; Guidetti eta Sobrino.

Espanyol. Diego Lopez; Javi Lopez, David Lopez, Mario Hermoso,

Didac; Marc Roca, Darder, Granero; Baptistao, Sergio Garcia eta Borja Iglesias.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna