Erraza dela ematen du

Bera Bera 17-25 gailendu zaio Gijoni, eta Espainiako Superkopa irabazi du zazpigarrenez. Bigarren zatiaren hasieran hautsi du norgehiagoka
Bera Berako jokalariak titulua ospatzen, atzo, Gijonen. Zazpigarrenez nagusitu dira Espainiako Superkopan.
Bera Berako jokalariak titulua ospatzen, atzo, Gijonen. Zazpigarrenez nagusitu dira Espainiako Superkopan. BERA BERA

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko irailak 2
Aurreko denboraldia Liga irabaziz amaitu zuen Super Amara Bera Berak, eta beste titulu bat jasoz hasi du sasoi hau: Espainiako Superkopa. Zaila da titulu bat irabaztea, baina gipuzkoarrek erraz egiten dute. Ederki kudeatu zuten final bat jokatzeak dakarren presioa, eta beren jokatzeko era eta erritmoa ezarri ahal izan zuten pistan. Hala, Imanol Alvarezen taldeak 17-25 azpiratu zuen BMC Liberbank Gijon, eta zazpigarren Espainiako Superkopa lortu du. Hala, Alvarez modu ezin hobean itzuli da Bera Beraren aulkira, eta titulu batekin ekin dio proiektu berriari.

Partidako lehen hutsartean entrenatzaileek emandako mezuek argi utzi zituzten talde baten eta bestearen asmoak. Bera Berak erritmo biziko partida nahi zuen, eta gol askokoa. Gijonek, berriz, emaitza baxukoa eta eraso luzekoa. Borroka horretan, Gijonek 15 minutu baino ez zien eutsi.

3-0eko partzial batekin, Imanol Alvarezen taldea 4-7 jarri zen aurretik (14. min.), Maitane Etxeberriak eta Judith Sansek erreskadan sartutako golei esker. Erabakigarria izan zen minutu horietan Merche Castellanos atezainaren lana, baloi ugari atera baitzizkien Gijongo jaurtitzaileei. Aurreko urteko Espainiako Kopako finalean ez bezala, Bera Berak buruarekin korritzen jakin zuen, bizi jokatuz baino baloi inozoak galdu gabe.

Hala, hiru golen aldeaz iritsi ziren atsedenera: 7-10. Errenta ez zen erabakigarria. Baina Bera Berak ez zuen ezustekorik nahi, eta bigarren zati hasieran hautsi zuen partida. Jarraian lau kontraeraso lotu zituen, jokoaren alor hori inor gutxik bezain ondo menderatzen duela erakutsiz, eta 8-14ko errenta lortu zuen (32. min).

Bigarren zati osoan gol kopuru horren inguruan egon zen aldea. Nahiz eta etxekoek estutu, eta hiru golera jartzear egon zen: 15-18. Baina Renata atezainak gelditu ona egin zuen (51. min), eta hurrengo erasoan Maitane Etxeberriak ez zuen huts egin, eta Bera Bera izan zen errenta handitu zuena: 14-19. Hor ikusi zuen Gijonek bederatzi minuturen faltan oso zaila zuela irabaztea. Apur bat besoak jaitsi zituen, eta hori aprobetxatu zuen Imanol Alvarezen taldeak amaieran zortzi golen aldeaz irabazteko.

Partida amaieran, pozik mintzatu zen Merche Castellanos: «Denboraldia hasteko modu ezin hobea da; aurreko denboraldian baino talde zabalagoa dugu, eta horrek asko laguntzen digu. Denboraldia, dena den, gogorra eta lehiatua izango da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna