Funtsezko papera berreskuratu beharraz

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Komunikabideek gizarte batean orokorrean eta honen baitan eztabaidarako beharrezkoa den esfera publikoan ezinbesteko paper bat izan dute euren jatorritik. Zer esanik ez informazio inflazio garai hauetan. Izan ere, sekula egon ez den datu eta informazio fluxu kopuruaren aurrean, komunikabideen interprete papera inoiz baino ezinbestekoagoa agertzen da. Alde horretatik, egungo ezjakintasun politikoa, beldur sozialek hauteskundeen emaitzetan duten eragin geroz eta nabarmenagoa edo, besteak beste, iritzi kontrajarrien arteko talka sutsuan garatzen ari diren gizarte polarizazioak komunikabideek helburu hori betetzeko asmoan izandako ahulezien ondorioak dira neurri handi batean. Hau da, ulertzea geroz eta zailagoa suertatzen zaigun errealitate batean bizitzearen ondorioa. Fenomeno hau, faktore bakar batek azaltzen ez duen arren, Internetek orokorrean eta sare sozialek zehazki edukitako zabalkuntzaren ondorioa da. Hain zuzen ere, sare sozialetan sortzen ari diren komunikazio esparru berriek, bertute asko eduki arren, gabezia nabarmenak baitituzte: iritzi talde itxiak sortzeko joera, gogoeta kritikoa gogoeta erreaktiboarekin ordezkatzea, berehalakotasun grina sustatzea edo joera emozional sendo bezain hutsalak hauspotzea, besteak beste. Testuinguru honetan, informazio fluxuen eta hiritarren artean bitartekari lana egiten zuten komunikabideak ez dira oraindik dinamika berrietara egokitu. Ondorioz, modernitateaz geroztik herritarrok mundura gerturatzeko geneukan tresna garrantzitsuena gainbeheran dagoela esan ahalko genuke.

Zergatik ote dira, baina, hain garrantzitsuak? Komunikabideen garrantziaren aldarrikapena ez ote da, ba, garai berrietara moldatzearen beharrari muzin egitea? Zentzu batean bai, orain arte ezagutu izan ditugun komunikabideak ez baitira dagoeneko funtsean zuten helburu hura betetzeko erabilgarriak. Hala, ba, komunikabideak garai berrietara egokitu beharko direla ukaezina da. Bestalde, baina, maila askotan aldatu beharko duten arren, komunikabideei zagokien funtzioaren beharrak bere horretan jarraitzen du, demokraziaren ikuspegitik behintzat: hiritarrei euren mundua uler dezaten laguntzeaeta, bide batez, euren bizitzetan eragin zuzena edukiko duten botereak kontrolatzeko tresnak eskaintzea, alegia. Honen eredu izango lirateke azken boladan Estatu mailan unibertsitate publiko batzuen praktika ustelen inguruan ikusten ari garen berriak edo epaileen arteko elkarrizketa onartezinen argitaratzea. Ikerketa hauek boterea kolokan jartzera irits daitezke, argitalpenen ostean boterearen beraren erreakzioetan argi geratu oi den gisa. Agerikoa da, dena den, boterea kontrolatzeak eskatzen duen oreka ez dela bat ere erraza. Izan ere, kazetariak boteretik hura kontrolatu ahal izateko behar adina gertu baina honek kutsatu ez ditzan behar adina urrun mantendu behar dira. Oreka hori, askotan, gehiegitan, bete izan ez bada ere, badirudi aurrerapausoak agertzen hasi direla. Ustelkeria kasuen salaketan edo genero berdintasuna bezalako funtsezko erronka sozialen (ber)piztean hainbat komunikabidek izandako papera honen eredu litzateke, beste hainbat esparrutangabeziak mantentzen diren arren.Herritar guztion eginkizuna da komunikabide arduratsu, kritiko, zorrotz eta anitzak bultzatzea, eremu publiko naiz pribatuan. Demokrazia osasuntsu batek ezin baitio euren funtsezko ekarpenari uko egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.