Emari emankorra du

Realak ligako bolada onari eutsi nahi dio gaur Getafen. Imanol Alguacilek harrobitik egin beharko du tira berriz. Aitor Zulaika Reala B-ko teknikari ohiak eta Xabi Auzmendi jokalari ohiak gazteen ekarpena aztertu dute.

Julen Lobete, jaurtitzen, Elxen aurka jokatutako partidan. JON URBE / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Realak gutxienez sailkapenaren bigarren postuari eutsi nahi dio gaur Getaferen zelaian irabazita (18:30, Movistar La Liga). Espainiarrak azkenak dira; jokatu dituzten zazpi partidak galdu dituzte, eta bi gol baino ez dituzte sartu. Txuri-urdinek zortzi jokalari dituzte min hartuta, Alexander Isak osatuta baitago, eta jokatzeko prest. Baina, hala ere, Imanol Alguacilek hain emaitza onak eman dizkion harrobitik egin beharko du tira berriz ere,irabazteko asmoan.

Zubietan lana nola egiten den ondo baino hobeto daki Aitor Zulaikak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978). Real Unioneko entrenatzailea da gaur egun, baina, txuri-beltzen aginte makila hartu aurretik, Realaren harrobian ibili zen. Besteak beste, Xabi Alonsoren eta Imanol Alguacilen laguntzaile eta Reala B-ko entrenatzaile modura. Argi du zergatik ateratzen diren hainbeste jokalari on donostiarren haztegitik: «Zubietan asko eta ondo egiten da lan. Haurren kategoriatik hasi eta lehen talderaino. Jokalariak ez ezik, pertsonak eta ikasleak ere hezten dira. Hori oso garrantzitsua da».

2016. eta 2019. urteen artean Zubietan ibili zen Xabi Auzmendi (Lazkao, Gipuzkoa, 1997). Egun, Lituaniako liderra den Suduva taldean ari da jokatzen, maila onean, gainera. Goierritarrak argi du harrobitik jende gaztea ateratzeko gakoa aukerak ematea dela: «Klub denek dute harrobia, baina Zubietan aukerak ematen dira, eta hori ezinbestekoa da. Aukerarik gabe, ez dago jokalariak ateratzerik. Gainera, Imanolek harrobia ezagutzen du, eta hori oso garrantzitsua da behean dauden jokalarientzat, badakitelako berarekin jokatzeko aukerak izan ditzaketela. Horrek lan egitera bultzatzen ditu».

Jokin Aperribai presidenteak behin baino gehiagotan aipatu du Zubietan aste barruan egiten den lana, eta, Zulaikaren ustez, hor dago Realaren altxorretako bat: «Aste barruko lana ikusgarria da. Asteburuetan Realak jokamolde bat du, baina astean zehar lehiatzeko era ezberdinak lantzen dira, eta horrek eragina du jokalariek gero goi mailan aritzeko duten egokitzapen azkarrean».

Asko dira azken hiru denboraldietan Realarekin debuta egin duten Zubietako gazteak. Gehienak isil-isilik, batere zaratarik egin gabe iritsi dira gora. Pauso entzutetsurik ez eman izanak, baina, ez du esan nahi jokalari makalak direnik, Auzmendiren ustetan: «Zubietan isilean egiten da lan, hotsik atera gabe. Horrek ez du esan nahi jokalariek izaerarik ez dutenik. Europan eta aurreko denboraldian bezala Manchester Uniteden aurka hasieratik aritzeko, kemena behar da. Eta horrelako gauzek asko esaten dute jokalari batez».

Postu bete jokalari

Jon Pacheco atzelaria; Martin Zubimendi eta Beñat Turrientes erdilariak; Ander Barrenetxea hegaleko erdilaria; Julen Lobete eta Jon Karrikaburu aurrelariak... Ia postu guztietako jokalariak atera dira azken urteetan, eta prestatzailearen ustez, horrek arrazoi bat dauka: «Ez da kasualitatea: kausalitatea da. Zubietan jokalariak biltzeko egiten den lana ikaragarri ona da, eta, gero, lehengai hori jorratzeko, sekulako lantaldea du Luki Iriartek [Realeko oinarrizko futboleko zuzendariak]».

Teknikari oriotarra Reala B-ko entrenatzailea zenean, haren aginduetara egon zen Auzmendi, hirugarren taldetik igota, denboraldi-aurre batean. Hilabete eskas egon zen Imanolen aginduetara, baina nahikoa izan zitzaion haren ezaugarrietako bat ezagutzeko: exijentzia. «Imanolek berdin-berdin exijitzen dio taldeko onenari eta entrenatzera igo den bati. Ulergaitza da hasieran, baina gero konturatzen zara besteen parean jartzen zaituela, eta hori eskertzekoa da, oso, jokalari batentzat. Seguru Januzaji edo Isaki eskatzen dien lan berbera eskatzen diola, adibidez, Lobeteri».

Denboraldi honetako datuak oso adierazgarriak dira. Lehen taldean jokatu duten 26 jokalarietatik hamasei Zubietan hezitakoak dira; hots, erdiak baino gehiago. Emari emankorra du Zubietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.