Zalantzarik bazegoen

Erorikoa izan da 14. etapako azken kilometroan, baina hori ez da arazo izan Sam Bennettek bigarren garaipena lor dezan Espainiako Vueltan

Julen Etxeberria.
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ez azken kilometroaren pankarta pasatu eta berehala tropelaren aurrealdean izandako erorikoak, ezta Tosh van der Sandek (Lotto Soudal) azken metroetan egindako ezusteko erasoak ere. Ez batek ez besteak ez zuen eragotzi atzo Sam Bennettek (Bora) Espainiako Vueltako 14. etapa irabaz zezan.

Bigarren garaipena du irlandarrak —hirugarren etapan ere gailendu zen—, eta, zalantzarik bazegoen, argi utzi du Vueltan ez dagoela hura baino txirrindulari azkarragorik. Hiru etapa erabaki dira esprintean, eta bi irabazi ditu, eta batean bigarren izan da —Fabio Jakobsenek (Deceuninck-Quick Step) hartu zion aurre laugarren etapan—. Atzo ere aise nagusitu zen, Maximiliano Ariel Richeze (Deceuninck-Quick Step) eta Van der Sanderen aurretik. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik, baina bai Alejandro Valverdek (Movistar) baita Tadej Pogacarrek (UAE) ere kolpeak jaso zituzten eroritakoan. Ez dirudi ezer larria denik.

Etapak eguneko ihesaldia izan zuen. Sei ziklistak osatu zuten: Silvan Dillierrek (Ag2), Luka Pibernikek (Bahrain), Harm Vanhouckek (Lotto Soudal), Salvatore Pucciok (Ineos), Diego Rubiok (Burgos) eta Stephane Rossettok (Cofidis). 170 kilometro baino gehiago egin zituzten ihesean —Rossetto eta Rubio bidean geratu ziren—, baina tropelak harrapatu egin zituen helmugarako bost kilometro eskas falta zirela.

Saio gogorrak gaur eta bihar

Tropelak lasai antzean hartu zuen etapako kilometro asko. Batetik, aurreko hiru etapa gogorretan pilatutako nekea zuen gainean. Bestetik, ziklistek indarrak ondo kudeatu beharra zituzten, gaur eta bihar etapa oso gogorrak jokatuko baitituzte. Gaur, Tineo eta Aceboko Santutegi arteko etapa jokatuko dute, 154,5 kilometrokoa; eta bihar, Pravia eta Cubilla artekoa, 144,4 kilometrokoa. Zazpi mendate oso gogor igoko dituzte guztira, sei Lehen Mailakoak eta bat maila berezikoa, Cubillakoa. Bi etapak bukatuko dira gain batean. Vueltako oilarrek sobran dute aukera elkarri mokoka aritzeko. Hala ere, orain arte ikusitakoa kontuan hartuta, ez dirudi Roglicek arriskuan izan dezakeenik maillot gorria. Are gehiago, ez litzateke ezustekoa izangoabantaila handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.