Suspertu eta jarraitu

Osasunak etxeko lehen porrota ahaztu nahi du gaur, Espanyoli irabazita. Athletic Granadaren aurka ariko da, hazita, Sadarren irabazi ostean

Iñigo Martinez eta Ruben Garcia, joan den asteko derbian. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Osasunak eta Athleticek oso aldarte ezberdinarekin amaitu zuten Sadarreko derbia. Nafarrek 31 lehia zeramatzaten etxean galdu gabe, eta kolpea izan zen aspaldiko partez esku hutsik gelditzea. Bizkaitarrek, aldiz, sasoiko lehen partida irabazi zuten etxetik kanpo, eta, modu horretan, bigarren garaipena kateatu, San Mamesen Levanteri irabazi ondoren. Hortaz, xede ezberdinak izango dituzte gaur: gorritxoak Espanyolen zelaian suspertzen saiatuko dira, eta zuri-gorriek, berriz, azkenaldiko boladari jarraipena emateko asmoz hartuko dute Granada.

Osasuna aurrera egin beharrean da. Min egin dio Sadarreko gotorlekua erortzen ikusteak, baina txapelketak aurrera jarraitzen du, eta ezin daiteke nostalgian eta atsekabean katigatu. Hemeretzi puntu ditu jada, baina oraindik lan ugari du egiteko. Zereginetako bat etxetik kanpo urratsa egitea da. Bisitari gisa ez du irabazi aurreneko jardunaldiaz geroztik, eta gaur Espanyol garaitzea ukendu paregabea litzateke derbian zabaldutako zauria ixteko.

Gorritxoek etxean okerren dabilen taldea izango dute aurkari. Espanyolek puntu bat baino ez du bildu orain arte bere zaleen aurrean, eta, hartara, jaitsiera postuetan iltzatuta dago —azken-aurrena da, bederatzi punturekin—. Entrenatzailez aldatu du, baina berdin jarraitzen du: lau puntu eskas batu ditu Pablo Machinek zuzendutako lehen sei neurketetan. Eta, inertziaz gain, nekearen zama ere izan lezake gaur Kataluniako taldeak, Europa Ligako lehia jokatu baitzuen ostegunean.

Edonola ere, aurkariaren ahuldadea norberaren ahalarekin aprobetxatu behar da. Bada, hamaikako indartsua zelairatzeko aukera izango du Jagoba Arrasatek, jokatzeko moduan baitira Vidal eta Ibañez. Deialdiko berritasun nagusia, dena den, Iñaki Alvarez atezain gaztea da, Aridanek, berriz, gutxienez beste astebete itxaron beharko du itzultzeko.

Etxeko olatuari eustera

Jardunaldi hau ere Europako postuetan amaitu nahi du Athleticek. Horretarako, orain arte San Mamesen marraztutako ildoari eusten saiatuko da. Zazpi lehia jokatu ditu Bilbon, eta horietatik bost irabazi eta bana berdindu eta galdu ditu. Hamasei puntu patrikaratu ditu guztira, eta gaur beste hiru biltzen saiatuko da, azkenaldian gain behera joan den Granadaren aurka. Hamargarren jardunaldia lidergoan bukatu zuen Diego Martinezen taldeak, baina puntu bakarra urratu du azken lau norgehiagoketan; iragan asteburuan Atletico Madrilen aurka lorturikoa, etxean (1-1).

Ikusteko dago Raul Garcia ariko den, Osasunaren aurka min hartu eta gero. Deialdian behintzat sartu da, asteon arazo fisikoak izan dituzten Williams eta Kodro bezalaxe. Bestalde, Muniainek min hartuta jarraitzen du, eta litekeena da berriz ere Oihan Sancetek ordeztea. Erdilari gaztea itzel aritu zen Sadarren, eta gaur ere hasieratik aritzeko aukera izan lezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.