Katedralera bueltan

Ahleticek San Mamesen jokatuko du gaur, Bartzelona liderraren aurka. Kataluniarrek ligan jokatu dituzten 39 puntuetatik 37 lortu dituzte

Athleticek iazko urtarrilean jokatu zuen azkenekoz San Mamesen, Atletico Madrilen aurka. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ia urtebeteren ondoren, Athleticek San Mamesen jokatuko du berriz ere. Bartzelona liderra hartuko du gaur, 12:00etan (ETB1). Katedralean azkenekoz jokatu zuenean bertze arerio handi bat hartu zuen, Atletico Madril, joan den denboraldiko Espainiako Kopako finalerdietan. Partida hark marka guztiak hautsi zituen, 48.128 ikusle izan baitzituen, emakumezkoen futbol partida batek estadio batean bildutako inoizko jendetzarik handiena izan baitzen Europan —gerora partida gehiagok gainditu dute kopuru hori—. Markak goiti-beheiti, gaur ere ikuskizun handia izanen dela espero da, zuri-gorriek goi mailako arerioa baitute aitzinean. Izan ere, ligan jokatu dituzten 39 puntuetatik 37 lortu dituzte kataluniarrek.

Asteburu honetan bukatuko da Espainiako Lehen Mailako lehenbiziko itzulia, nahiz eta jokatu gabe duten azaroan greba zela-eta bertan behera gelditu zen jardunaldia —bederatzigarrena—. Bartzelonaren nagusitasuna erabatekoa izan da orain arte: hamabi partida irabazi dituzte, bat berdindu dute, eta ez dute bakar bat ere galdu. Datu hori nahikoa ez balitz, golekin duten aldeak erakusten du zapalkuntza zenbaterainokoa den: 53 sartu dituzte—hurrena Atletico Madrilek ditu gehien, 28—, eta bortz baino ez dituzte hartu —Athletic bera da Bartzelonaren ondoren gol gutxien jaso dituen taldea, hamabirekin—. Atletico Madril da sailkapenean guztiz gibelean utzi ez duten talde bakarra, bortz puntura jarraitzen baitie gibeletik.

Bartzelonak Athleticen etxean dituen aurrekariak ere ez dira onenak bilbotarrentzat. 2014-2015 denboraldian irabazi zioten azkenekoz, Erika Vazquezek 95. minutuan sartu zuen gol batekin (1-0). Aurrelari nafarra baikor dago gaurko: «Sentipenak oso onak dira. Garai onean harrapatzen gaitu [partidak]; eguna lagungarri izanen zaigu, eta espero dugu gure jendearen aurrean zerbait positiboa lortzea», adierazi zuen atzo, prentsaurrekoan. Angel Villacampa entrenatzailea ere gogotsu agertu zen, San Mamesen jokatzeak Athletici mesede eginen dion ustearekin. «Oso pribilegiatuak sentitzen gara aukera honekin, eta kezkatu gaituen gauza bakarra izan da klubaren eta inguruko baldintzen mailan egoteko prestatzea».

Athletic goitiko postuetan egonkortu da, bortz partida jarraian galdu gabe egin ondoren. Villacampak eskura dituen jokalari guztiak sartu ditu deialdian. Bartzelonak, berriz, bere izarretako bat galdu du San Mameseko partidarako, lesio baten ondorioz: Caroline Graham Hansen aurrelari norvegiarra.

Reala, Lehen Mailako bertze euskal taldea, berriz, 18:00etan ariko da, Madrilen aurka. Aukera ona du etxean irabazi eta sailkapeneko goitiko taldeei lotzen saiatzeko. Madril zazpi puntu gibelerago dute txuri-urdinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.