Aingura jaso nahian

Osasuna Levanteren zelaian irabazten saiatuko da gaur, garaipenik gabeko sei lehia kateatu ondoren. Kike Garciaren hutsunea izango du

Osasunako Jon Moncayola erremate bat egin nahian, Elxeko Fidel Chaves aurrean duela. IÑIGOI URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Osasunak abiada bizian hasi zuen denboraldia. Etxetik kanpoko ibili distiratsuak ligako talderik onenen artean kokatzeko balio izan zion. Alabaina, erritmoa nabarmen moteldu dute gorritxoek azken boladan. Ahaltsuenei ezin izan die ia punturik harramazkatu, eta iragan asteburuan berdinketa mingotsa lortu zuen Elxen aurka. Emaitzak ez ezik, taldeak Sadarren beste behin emandako itxura makalak ere ondoeza eragin zuen. Gorritxoek sei partida daramatzate ligan irabazi gabe, eta bide onera, hots, hiru puntuen ildora itzultzen saiatuko dira gaur, Levanteren zelaian (18:30, Movistar Laliga). Azken postuan dira etxekoak.

Osasuna sailkapen erdialdean dago, lehen 15 lehietan 20 puntu batu ondotik. Lanen erdiak eginak ditu, eta lehen itzulia bukatzeko oraindik lau partida gelditzen dira. Alta, nafarrak ezin daitezke bertan goxo gelditu, atzo Jagoba Arrasate teknikariak azpimarratu zuenez. «Egoera ona da, baina ainguratuta gera zaitezke begi kliska batean. Biharko [gaurko] partida oso garrantzitsua da. Irabaziz gero, aurkari bat oso atzean utziko dugu; kale egiten badugu, ordea, atzekoak gerturatu egin ahal zaizkigu. Eta guk ez dugu larritasunez aritu nahi».

Aurreko sasoian latz sufritu zuen Osasunak mataza psikologikoa askatzeko. Guztira hamahiru jardunaldi eman zituen garaipenari bizkarra emanda. Arrasateren ustez, dena den, bolada hura ezin daiteke gaur egungoarekin alderatu. «Sailkapeneko egoera oso desberdina da. Nolanahi ere, Brauliok [Braulio Vazquez, Osasunako kirol teknikaria] ondo esan zuen aurrekoan: maila honetan, istant batez begiak ixtea nahikoa da irabazi gabe hamar neurketa emateko. Gure bertsiorik onenaren beharra dugu».

Horren harira, gakoetako bat«defentsako sendotasuna berrekuratzea» dela uste du Arrasatek. «Etxetik at, ia partida guztietan izan gara sendoak». Erasoko jokoaz ez da ahaztu prestatzaile bizkaitarra. «Aukerak sortzea, areara iristea eta aurkariari beldurra gorputzean sartzea ere beharrezkoa da guretzat. Areroriak ikusi behar du ezin duela erasora ero-eroan jo, eta defentsako alorra ere zaindu beharra duela gure kontra».

Esparru horretan, geldikako jokaldiak buruhauste bilakatu dira Iruñeko taldearentzat. Zazpi gol sartu dizkiote gisa horretan, eta azken bi norgehiagoketan hiru puntu galdu ditu kornerrak gaizki defendatzeagatik. «Ezin daiteke obsesio bihurtu, baina duen garrantzia eman behar diogu. Levante ere arazoak ditu kornerretan. Hobetu beharreko zerbait da guretzat, argi eta garbi», aitortu zuen atzo Arrasatek.

Gorritxoek garaipen erraza lortu zuten Kopan San Agustinen kontra (0-4). Gaur, ordea, «txipa aldatu» behar dute. «Bi lehiaketa ezberdin dira, eta oso zaila da partida batean gertatutakoa hurrengoan errepikatzea». Hasteko, aldaketa ugari espero da Osasunaren hamaikakoan. Ohikoenen txanda izango da gaur, baina Kike Garcia ez da ariko; arazo fisikoak ditu, eta arriskuak saiheste aldera, atseden eman dio Arrasatek. Ordea, bueltan da Torro, lehia bateko zigorra bete ondoren.

Burua altxatu ezinda

Kopan gozatua hartuta iritsiko daLevante gaurko partidara, 0-8 irabazi baitzion Melillari. Ligan, berriz, larri dabil. Sasoi honen eta aurrekoaren azken txanpa aintzat hartuta, 23 partida daramatza irabazi gabe. Teknikaria bi bider aldatu du dagoeneko, eta orain arte harrobian aritu den Alessio Lisciren agindupean jokatuko du gaur. «Haientzat finala da, eta guk ere modu horretan ikusi behar dugu. Ezin diegu erraztasunik eman, gaizki badabiltza ere sekulako taldea dutelako», esan zuen Arrasatek.

Getafe ere sailkapenaren hondoan dago, eta haren zelaian ariko da bihar Athletic (21:00, Gol). Bizkaitarrek, Osasunak bezala, ez dute irabazi azken sei partidetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.