Puntuak ez, joerak

Realak eta Osasunak derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Etxekoek Januzaj, Rafael eta Zalduaren falta izango dute; bisitariek, Aresorena

Budimir eta Le Normand goiko baloi baten bila lehian, lehen itzulian, azaroan ,Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Realak eta Osasunak derbia jokatuko dute gaur Anoetan, eta halakoetan ohi den eran, sailkapenak ezer gutxi aurreikusiko du. Elkar ondo ezagutzen duten bi talde ariko dira lehian, eta, gainera, baldintza ezberdinetan ailegatuko dira neurketara.

Artega daude txuri-urdinak; ligako azken partidan Bilbon jasotako astinduari joan zen ostegunean Europatik kaleratu izana gehitu behar zaio. Gorritxoek, berriz, erosoago ekingo diote partidari, batere estutasunik gabe.

Giro horretan, etxekoak daude bereziki fokupean, baina Imanol Alguacil etxekoen prestatzaileak patxada helarazi du: «Ni izugarri lasai nago. Izugarri harro eta pozik egiten ari garenarekin,eta jokalariak ere berdin. Minduta gaude, lehiakorrak etaanbiziotsuak garelako, baina animaliak bezala lehiatu ginen, eta kito».

Jagoba Arrasate bisitarien teknikariak ere uste du Realak bere maila ona berreskuratuko duela: «Ligari helduko dion taldea izango da. Emaitza txarrak kateatu ditu, baina gaitasun handia du. Ea partida gure aldera eramaten dugun, baina Reala on bat espero dut, gauzak zail jarriko dizkiguna».

Halakoxe Osasuna espero du Imanolek ere: «Nafarrak zerbait badira, egoskorrak dira, eta oso lehiakorrak. Etxetik kanpo talde arriskutsua da; azken bi partidak ere irabazi egin ditu».

Horiek horrela, beren «mailarik onenean» aritu beharko dutela esan du prestatzaile oriotarrak, baina zenbait jokalariren falta izango du. Joseba Zaldua, Adnan Januzaj eta Rafael Alcantara ez daude jokatzeko moduan. Azken horrek atzoko entrenamendu saioan arazo fisikoak izan zituen. Kontrara, Alexander Isak eta Mikel Merino prest daude, eta Imanolek zerrendan sartu ditu.

Osasunak, berriz, prest ditu ia jokalari guztiak. Arrasatek 23 laguneko deialdia osatu du Anoetarako: Jesus Aresok lesiotik osatzeko prozesuarekin segitzen du. Hura ez, gainontzeko jokalari guztiak Donostian izango dira gaur.

Neurketaren atarian giroa berotzeko Gatibuk egin behar zuen emanaldia, berriz, bertan behera utzi dute. Realak, xehetasunik eman gabe, adierazi du «erabaki bateratua» izan dela. Gatibuk «euskal zaleak ez banatzeko» erabakia izan dela azaldu du. Gernikako (Bizkaia) taldearen kontzertuak zenbait kritika hauspotu ditu, sare sozialetan batez ere.

Reala B irabazle Oviedon

Bigarren garaipena segidan eskuratu zuen atzo Reala Bk Oviedon (0-1), 29. jardunaldian (sei ditu irabaziak). Valerak sartu zuen gola, penaltiz, 87.minutuan.

Gaur jokatuko dute Bigarren Mailako beste bi euskal taldeek: Eibar liderrak etxean Burgosen aurka (14:00), eta Amorebietak, Valladoliden (18:15).

REALA-OSASUNA
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva; Oiartzabal, Portu, eta Isak.
Osasuna. Herrera; Vidal, David Garcia, Juan Cruz, Cote; Torro, Brasanac, Moncayola; Chimy Avila, Ruben Garcia, eta Budimir.
Epailea. Mateu Lahoz.
Lekua. Anoeta (34.000 ikusle)
Ordua. 18:30 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.