KRITIKA. Zinema

Mendekuaren erritua

Andoni Imaz.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun

'The Northman'

Zuzendaria: Robert Eggers. Aktoreak: Alexander Skarsgard, Nicole Kidman, Claes Bang, Anya Taylor-Joy. Herrialdea: AEB. Iraupena: 137 minutu.

Robert Eggersek estudio handi batekin egin duen lehen lana Erdi Aroko abentura epikoen eta bere estilo arty-aren arteko nahasketa bat da. Mendeku istorio bat kontatu du The Northman-en, William Shakespeareren Hamlet inspiratu omen zuena, IX. mendeko Islandia bikingoan girotua: Amleth da protagonista (Alexander Skarsgard); Fjolnir osabak (Claes Bang) haren aita hil du (Ethan Hawke), amarekin ezkontzeko (Nicole Kidman), eta gazteak mendekuaren bideari jarraitu behar dio irmo, bere buruari mantra bat errepikatuz —aita mendekatu, ama salbatu, Fjolnir akabatu—, walkiria batek Valhallara eraman dezan zaldi gainean.

Filmak asko du erritutik, eta ez mantrarengatik bakarrik. Bidean, hiru aztik bere egitekoa zein den gogoraraziko diote Amlethi; eta filma, basatia bai, baina literala ere bada: beti aurreratuko du gertatu behar dena. Errituak gidatzen du narrazioa, eta Eggersek errealitatetik haragoko dimentsio batera eraman nahi du, irudien bidez, Andrei Tarkovskiri egindako keinu azaleko samar batzuekin, besteak beste.

Izan ere, esperientziaren zinemaren ideiari eusteko, bere narratibaren arauak esplikatu behar ditu behin eta berriro, Denis Villeneuveren Dune-ko (2021) amets profetikoekin gertatzen zen modu berean. Nahiz eta jakin filma patuaren mende dagoela arrazoiaren ordez, fikzioak bere mugekin talka egiten du, eta bide interesgarriak agertzen direnean ere, amarekin eta Olgarekin (Anya Taylor-Joy) izandako elkarrizketa batzuetan, ez du norabidez aldatzeko aukerarik. Ezin hori antzematen da muntatze trinkoan eta atalkako egituran.

Errealitatea eta elezaharra elkarrekin doaz Eggersen filmetan. The Witch-en (2015) eta The Lighthouse-n ere (2019) pertsonaiak muturreko egoeretan daudenean ezabatzen dira bien arteko mugak, orduan arrozten da mundua. Nolabait, lokatzaren distira bilatzen du Eggersen zinemak.

Dena den, pantaila 2:1 formatu-ratiora luzatu duen arren —telesail prestigiotsuek estandarizatu duten zabalerara—, irudien konposizioek ez diote laguntzen filmaren ikusgarritasunari. Azpimarra antropologikoen eta behartutako intentsitatearen zama erantsiz gero bere estetikaren itxitasunari —travelling luzeak, plano simetrikoak, lehen planoak...—, litekeena da filma itogarria izatea, baina ez bilatutako moduan. Maiz taldetxo bereko kidetzat hartzen dituztenez, Ari Asterrekin gertatzen denaren antzeko zerbait esan liteke Eggersi buruz: zaila dela jakiten basakeriaren irudikatze estilizatu horrek ba ote duen gaurko munduari buruzko ideia ganorazkorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.