Ez zaio falta pizgarririk

Anoetan lehenengoz irabazi nahi du gaur Realak, Sevillaren aurka. Donostiarrek azken bost partidetatik bakarra irabazi dute ligan

Mikel Oiartzabal, amorratuta, aukera batean huts egin ondoren. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Nahia ahal bilakatu, eta etxeko lehendabiziko garaipena eskuratu nahi du gaur Realak. Etxetik kanpo ondo ibili arren, donostiarrak kamuts aritu dira orain artean Anoeta eraberrituan, eta hiru puntuak eskuratu ezinik geratu dira bertan jokatutako lau partidetan. Gainera, azken bost partidetatik bakarra irabazi du Asier Garitanok entrenatutako taldeak, eta Atletico Madrilek ez zion emaitza ona lortzeko zirrikiturik ere utzi azken jardunaldian. Egoera hori aldatzea dute helburu txuri-urdinek, eta horretarako ispilu ona da Sevilla, gaurko aurkaria; azken bost partidetatik lautan garaile izan dira.

Espainiarrak laugarren dira sailkapenean, eta, Realaren joera kontuan hartuta, ez da aurkari erraza izango. Asier Garitanok ondo daki hori; «Sevillak asko estutzen eta eskatzen du. Ondo landutako taldea da», esan zuen atzo, prentsaurrekoan. Halaber, aitortu zuen etxean aritzea gehiago kostatzen ari zaiola taldeari, baina jokalarien lana goraipatu egin zuen jarraian: «Eskertu egin behar da jokalariak egiten ari diren ahalegina».

Etxean irabazteko garrantziaz ere aritu zen Garitano. Haren esanetan, zaleek «poz handi bat» merezi dute, eta hura lortzeko lehendabiziko eginahala egingo dute gaur: «Garrantzitsuena da Anoetan irabazteko partida onbat egiteko gai izatea. Horren beharra daukagu».

Sevillak makina bat lesio izan ditu azken jardunaldietan. Batzuk osatu dira, baina beste batzuk ez, adibidez, Mercado atzelaria eta Andre Silva aurrelaria, azken hori taldeko goleatzaile nagusia, zazpi gol sartuta. Aldiz, hasieratik aritzeko moduan da Escudero atzelaria, baina litekeena da Pablo Machinek haren alde ez egitea, badaezpada ere. Kapitainak min hartu zuen besoan bigarren jardunaldian, eta zelaitik kanpo egon zen herenegun arte. Espainiako Kopako partida osorik jokatu zuen, Villanovenseren aurka, baina entrenatzaileak izango du haren partaidetzaren inguruko azken hitza.

Aurkariak aurkari, garaipenaren bila aterako da Reala. Etxean lehendabiziko aldiz irabaztea ez da donostiarren pizgarri bakarra; Luca Sangalli taldekideari hiru puntuak eskaini nahi dizkiote. Asteazkenean izan zuen iktusaren ostean osatzeko bidean da donostiarra, eta etxean dago dagoeneko. «Albiste ona da. Orain, lasaitasuna behar du», adierazi zuen Garitanok. Garaipena ona da horretarako.

REALA-SEVILLA

Reala. Moya; Aritz Elustondo,Llorente, Navas, Theo; Zubeldia,Illarramendi, Pardo, Oiartzabal; Sandro eta Willian Jose.

Sevilla. Vaclik; Navas, Carriço, Amadou, Sergi Gomez, Arana;Sarabia, Banega, Vazquez; Ben Yedder eta Quincy Promes.

Epailea. Prieto Iglesias.

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.