Ezinaren katea haustera

Real Madrilen etxean itzuliko da Imanol Realaren aulkira. Plaza zaila da bolada txarra eteteko; donostiarrek hirutan soilik irabazi dute han

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaile berria aginduak ematen, Zubietan, entrenamendu batean. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Santiago Bernabeu ezinaren estadioa da Realarentzat. Partida onak jokatutakoa da han, Real Madril estu hartu izan du, eta porrot handiak jasan ditu. Ia kasu gehienetan, baina, ondorio bera izan dute bi taldeen arteko norgehiagokek: txuri-urdunak esku hutsik itzuli dira Donostiara. Ezintasun hori amaitzea beste xederik ez du izango Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak. Gaur itzuliko da oriotarra Realaren aulkira; abenduaren 26an Asier Garitano ordezkatu zuen entrenatzaile postuan, eta plazarik zailenetako batean eutsiko dio berriz txuri-urdinen lehen taldea gidatzeko erronkari.

Zenbakiek adierazten dute Realak Santiago Bernabeu estadioan duen madarikazioa: Espainiako Ligako 71 neurketa jokatu ditu han, eta haietatik hiru aldiz soilik lortu du irabazita etxeratzea. Hamasei izan dira zurien aurkako berdinketak; gainontzeko 52etan porrot egin dute txuri-urdinek.

Ezinaren segida hori haustearen zailtasunaz jabetuta dago Alguacil, baina partida aurrera ateratzeko «ziur, prestatuta eta konfiantzaz» dago prestatzaile oriotarra: «Badakigu ez dela zelai erraza, baina hiru puntu gehiago dira, eta haien bila goaz. Garrantzitsua da itxura ona ematea, partida guztietan lehiakorrak izatea eta puntuak eskuratzea. Neurketako uneak interpretatzen jakitea gakoa izango da».

Alguacilek aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan, halabeharrez; Miguel Angel Moyak min hartu zuen entrenamendu batean, eta ez da osatu. Geronimo Rulli ariko da haren ordez. Argentinarra hasi zen lehendabiziko partidetan hasieratik jokatzen, baina azken hiru hilabeteetan Miguel Angel Moyak izan du Realaren atea zaintzeko ardura.

Joseba Zalduak ere hamaikakora itzultzeko aukera du. Hegaleko donostiarra osatu egin da lesiotik, eta jokatzeko prest dago. Ruben Pardo eta Aihen Muñoz dira deialdiko berrikuntza nagusiak. Pardoren egoera, berriz, aldatu egin daiteke Alguacilekin; azken asteetan, ez du jokatu. Reala Bko jokalariak, berriz, debuta egin dezake lehen taldearekin. Min hartuta dago Kevin Rodrigues, eta Theo Hernandezek ezin du jokatu, Real Madrilek utzita dagoelako.

Etxeko taldeak gazi ekin dio urteari. Ostegunean berdindu egin zuen Vila-realen zelaian, eta horrek kritika sorta ekarri dio Santiago Sola entrenatzaileari. Gainera, zenbait jokalari garrantzitsuren hutsunea izango du prestatzaile argentinarrak. Gareth Bale ez da ariko, eta zalantza da Luka Modric, gaixo egon baita. Halere, talde handia dute zuriek, eta Realak zaila izango du laugarren garaipena lortzea. Errege eguneko opari bikaina litzateke.

REAL MADRIL-REALA

Real Madril. Courtois;Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric; Lucas Vazquez, Benzema, eta Isco.

Reala. Rulli; Zaldua, Moreno, Llorente, Aihen Muñoz; Illarramendi, Zubeldia, Zurutuza; Januzaj, Oiartzabal eta Willian Jose.

Epailea. Munuera Montero.

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).

Lekua. Santiago Bernabeu (81.044 ikusle)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.