Urpekoa hondoratzera

Athleticek beheko postuetatik aldentzen segitu nahi du, Vila-Realen hiru puntuak batuta. Aduriz eta Raul Garcia min hartuta daude oraindik

Athleticeko jokalariak, asteartean Lezaman egindako lan saioan. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Athleticek eta Vila-Realek ondo ezagutzen dute elkar. Azken denboraldietan, helburu bertsuak lortzeko borrokan aritu dira, eta, sasoi honetan ere, elkarrengandik gertu daude. Aurkari zuzenak dira. Helburuak, ordea, aldatu egin dira; Europa Ligarako sailkatzeko lehiatu izan dira, baita Txapeldunen Ligarako ere, baina gauzak asko aldatu dira denboraldi honetan: sailkapeneko aurreneneko postuetan egotera ohituak zeuden talde bi, mailari eusteko borrokan sartuta. Partida gehienetan sufritzen ari dira, eta, ondorioz, egoerari buelta emateko ohikoak diren neurriak hartu dituzte: entrenatzailea aldatu dute, eta neguko merkatua baliatzen ari dira taldea indartu eta aurrera egiteko. Oraingoz, Athletici emaitza hobeak eman dizkiote bulegoetan hartutako erabakiek. Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik jokoan egon diren hamabost puntuetatik, hamaika irabazi ditu Athleticek. Ondorioz, jaitsierako postuetatik atera da. Vila-Realek, berriz, nahi eta ezin jarraitzen du Luis Garciaren aginduetara.

Larri dabilen talde horri beste kolpe bat ematea du xede Athleticek Zeramikaren zelaian. Irabazteak asko eman diezaioke. Hirugarren garaipena kateatzearekin bat, Vila-Real zortzi puntura utziko luke. Puntu bat lortzea ere baliotsua izango litzateke zuri-gorrientzat. Porrotak, aldiz, asko estutuko luke sailkapena. Vila-Realen maila aintzat hartuta, edozer gauza gerta daiteke, eta, emaitza edozein izanda ere, salbaziorako bidea luzea izango dela barneratzea da egokiena. Hala ere, entrenatzailea aldatuta Athletic itxuraldatu egin dela ere begi bistakoa da. Garitanok talde sendoa osatu du. Defentsan lehen baino erraztasun gutxiago ematen ditu, eta neurketa amaieretara osoago ailegatzen da. Azken finean, garaipena lortzeko aukera gehiago izaten du.

Ondo dagoena aldatzeko arrazoirik egoten ez denez, Garitanok orain arte bikain erantzun dioten futbolarien aldeko apustua egiten jarraituko du. Ibai Gomez izan daiteke berritasun nagusia. De Marcos ez dabil fin, eta litekeena da bilbotarra aritzea zelai erdiaren eskuin hegalean. Gainerako hamarrak Sevilla ligan mendean hartu zutenak izango dira. Adurizek eta Raul Garciak min hartuta jarraitzen dute.

VILA-REAL-ATHLETIC

Vila-real. Asenjo; Mario, Alvaro, Funes Mori, J.Costa; Iborra, Manu Trigueros; Cazorla, Fornals, Toko Ekambi eta Gerard Moreno.

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat; Ibai, Muniain, Cordoba eta Williams.

Epailea. Undiano Mallenco.

Lekua. Zeramikaren estadioa (23.500 ikusle).

Ordua. 16:15ean (Bein La Liga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.