Emakume boteretsuen istorioek txaloak jaso dituzte Venezian

Alfonso Cuaron haurtzarora itzuli da 'Roma' film laudatuan, eta Yorgos Lanthimosek XVIII. mendeko Ingalaterran kokatu du 'The Favourite'
Marina de Tavira, Alfonso Cuaron eta Yalitza Aparicio, atzo.
Marina de Tavira, Alfonso Cuaron eta Yalitza Aparicio, atzo. CLAUDIO ONORATI / EFEIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko abuztuak 31
Roma Europako hiri bat da, baina baita Mexikoko hiriburuko auzo bat ere. Eta hartara «itzuli» nahi izan du Alfonso Cuaronek Roma azken filmaren bitartez. Bere haurtzaroan kokaturiko istorio intimista da, bera hezi zuteneko matriarkatuari gorazarre egiten diona, batez ere bera hezi zuen haurtzaina gogora ekarri eta omentzen duena. Bai publikoak eta bai kritikak txaloz eta liluraz hartu zuten filma, atzo, Venezian.

Gravity-rekin (2013) hainbat Oscar sari irabazi eta zinema industria estatubatuarrean txertatu ondoren, Mexiko sorlekura itzuli nahi izan du Cuaronek, Y tu mamá también (2001) jada urrunarekin egin bezala. Filma 1970eko Mexiko Hirian kokaturik dago, eta zuri-beltzean kontatzen du Cleoren istorioa, familia burges eta itxura batean arazorik gabeko baten haur zaintzaile indigenaren istorioa, hain zuzen ere. «Libo izeneko pertsonaia errealean oinarriturik dago filma. Nire zaintzailea izan zen. Gure familiako kide bihurtu zen, eta gu bere familiako kide bihurtu ginen». Filmak ez du, ordea, haur zaindariaren eta familiaren arteko istorioaren erretratu gozo bat egiten, zaindariaren problematika ere gertutik azaltzen baitu. «Maite duzun norbaitekin hazten zarenean, ez duzu bere identitatea zalantzan jartzen. Horregatik Libo ikusten nuen emakume gertuko bat bezala, eta prozesu baten ondorioz jabetu nintzen indigenen eta klase sozial apalagokoen errealitateaz». Yalitza Aparicio aktore hasiberriak jokatzen du Cleo pertsonaiaren rola, eta baita ondo jokatu ere, atzo jasotako harrera izugarri onak erakutsi zuenez. Halaber, beste hainbat emakumeren istorioak ere kontatzen ditu Cuaronen filmak; Marina Tavirak antzeztutako amarena, esaterako.

XVIII. mendeko hiru andre

Hasieratik erakarri zuen istorioak Yorgos Lanthimos zuzendari greziarra. Eta Canino (2009) nahiz The Lobster (2015) filmekin egin bezala, berak idatzi zuen gidoia. Atzo aurkeztu zuen Veneziako Mostra jaialdian The Favourite lan berria, eta gogo onez hartu zuten nola ikusleek, hala kritikariek ere, batez ere Emma Stonek, Olivia Colmanek eta Rachel Weisz aktoreek egindako lana. «Hiru emakume indartsuren» istorioa kontatzen du pelikulak, eta hartarako Ingalaterrako gertakizun historiko batean jarri du mira zuzendariak. XVIII. mende hasiera da. Ingalaterra gerran da Frantziarekin. Gaixotasunak ahuldutako erregina da Anne (Colman); haren kargua beteko du adiskide duen Lady Sarahek (Weisz). Abigail izeneko zerbitzari berri bat agertuko da gortean (Stone), eta seduzitu egingo du Sarah. «Emakumeen arteko istorio bat kontatu nahi nuen, eta azaldu nahi nituen ohiko roletatik kanpo, hots, ez nituen soilik zerbitzari eta desira objektu gisa azaldu, baizik eta euren konplexutasun guztian». Veneziako publikoaren erreakzioengatik konplexutasun hori islatzea lortu du Lanthimosek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna