Uxue Fraile. Mendi korrikalaria

«Zortzi ordu eta lau minutuan egin dut ibilbidea: ez da marka makala»

EHME.
Unai Ugartemendia.
Leitza
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Sasoiko dagoenean munduko korrikalaririk onenetakoa dela erakutsi zuen berriro Uxue Frailek (Donostia, 1974).

Lehen Euskal Herria Mendi Erronka. Garaipena eta txapela.

Ilusio handia egin dit, hasteko, bertan egoteak. Irabazita, gainera, are gusturago noa etxera. Lehia polita izan dugu Silviak [Trigueros] eta biok, eta horrek ere bere garrantzia badu. Zortzi ordu eta lau minutuan egin dut ibilbidea, ez da marka makala.

Ilusio berezia egiten omen zizun Leitzako lasterketak.

Bai, handia. Urte askotan ikusi dut proba, anaiak edo lagunek parte hartzen zutelako. Amaieran, plazan, izugarrizko inbidia pasatzen nuen. Banekien noizbait etorri behar nuela. Eski denboraldia asko luzatu da aurten, eta orain gutxira arte eskiatzen jardun dut. Zalantzak nituen, arazo fisiko batzuk ditudalako, baina merezi izan du.

Denbora gutxi izan duzu prestatzeko.

Bai, korrika ibili naiz, baina eliptikoan eta gimnasioan ibiltzea tokatu zait batez ere. Maiatzaren 1ean entrenamendu on bat egin nuen lagun batzuekin. Ikaragarri sufritu nuen. Bi egunera berriro itzuli nintzen entrenatzera, eta berriro ere ezinean; baina, egun gutxira, hirugarren entrenamenduaren ondoren, lagunek esan zidaten egiteko moduan nintzela. Entrenatzaileak ere aspaldi aipatu zidan egin behar nuela, baina nik zalantzak izan ditut ia azken asteraino.

Zer iruditu zaizu?

Kilometro bertikala ezagutzen nuen, baina Lekunberritik aurrerakoa ez. Banekien korrika asko egin beharrekoa zela, eta hor dudak nituen. Ikusi dut eskualdearen inplikazioa ikaragarria dela, eta korrikalariek hemen korritzeko duten ilusioa. Polita izan da.

Nola sentitu zara?

Oso azkar atera gara. Nire asmoa lagunekin joatea zen, eta Gaintzaraino horrela joan naiz. Kilometro bertikalean konturatu naiz indartsu nengoela, eta Lekunberrirako bidean azkar jaitsi naiz, baina asko kostatu zait Trigueros harrapatzea. 22 kilometroren faltan harrapatu dut, baina asko falta zen.

Bi aste barru Zegama-Aizkorrin izango zara berriro. Zein asmorekin zoaz?

Badakit lehen zatian asko sufrituko dudala, denbora gutxi baitut ondo indartzeko. Ez dakit zer egingo dudan, niretzat ez da urteko helburua.

Helburu nagusia berriro ere Chamonixen UTMB lasterketan lan ona egitea izango al da?

Lehenik, uztailean, Beasainen izango naiz, Goierriko Bi Handietan. Iaz izugarrizko ilusioa nuen han egoteko, eta, gaurkoaren ondoren, berriz ere oso gogotsu nago. Gero, Chamonixera joango naiz. Han ere gauzak geroz eta zailagoak dira, eta agian helburuetako bat izango da inoiz lortu ez dudan gauza bat: 26 ordutik jaistea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.