Ekaitzari eutsiko al dio?

Neguko merkatu amaiera aztoratua izan ostean, Santiago Bernabeun ariko da gaur Alaves, Real Madrilen goraldia eteteko intentzioz

Alaveseko Wakaso, Rayoko Alex Morenorekin lehian, aurreko jardunaldiko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Bi aste arraro izan dira, eta, teknikari moduan, neguko merkatua behingoz amaitzeko gogoa nuen. Zenbait eskaintza egon dira, eta jokalariek arreta galtzea ekar dezake horrek». Abelardo Fernandezen hitzak dira, fitxaketen garaia itxi eta biharamunean esanak. Urtarril lasaia bizitzeko esperantza zuen Alavesek, baina denboralea nozitu du azkenean. Bi jokalari garrantzitsu joan zaizkio, Ibai Gomez eta Ruben Sobrino, eta beste batzuk galtzeko arriskua ere izan du. Hori horrela, Abelardok uste du azken egunetako zurrumurru eta mugimenduek eragina izan dutela taldearen jardunean. Gogorra suertatu zaio urtarrileko aldapa, puntu bakarra batu baitu azken hiru partidetan.

Gainera, oraindik ekaitz giroa dago. Izan ere, Alavesek Real Madrili egingo dio bisita gaur. Handia da blai eginda bukatzeko arriskua, espainiarrek beren ohiko joa berreskuratu dutelako, eta arabarrak bolada txarrean daudelako. Lehenik, astindua jaso zuten Getaferen zelaian (4-0), eta, gero, sasoi honetan aurrenekoz galdu zuten Mendizorrotzan, Rayoren aurka (0-1). Alegia, ez da garairik onena Santiago Bernabeun jokatzeko, are gutxiago Santiago Solarik azkenean baleko tekla sakatu duenetik. Espainiako Ligako azken hiru partidak irabazi ditu Real Madrilek, eta tokia egin du Kopako finalerdietan. Iratzarri egin da Txapeldunen Ligaren usaina hartu orduko.

Abelardok ohiko estalkia erabiliko du: hiru erdilari zelairatuko ditu. Brasanac min hartuta dago; beraz, Pinak, Manu Garciak eta Wakasok jokatuko dute zelai-erdian. Defentsan, litekeena da Ximo, Laguardia, Maripan eta Duarte aritzea, eta erasoko hirukotea Burguik, Jonyk eta Callerik osatuko lukete. Ohiko filosofiari «fidelak» izatea gustatuko litzaioke Abelardori. Hots, atzean gotortuko dira arabarrak, ondoren kontraerasora bizi ateratzeko.

Takashi Inui izan da gasteiztarren fitxaketa nagusia, baina oraindik ez dago eskuragarri. Herenegun, Asiako Kopako finala jokatu zuen Japoniarekin, eta datorren astean helduko da Gasteizera. Diego Rolan eta Alex Blanco dira Arabako taldeak neguko merkatuan ekarritako beste jokalariak. Abelardok Rolanen inguruan azpimarratu zuen «joko zuzena» egiten duela eta «gola» daukala; eta, Blancori dagokionez, «kalitatea» eta «hegalean jokatzeko gaitasuna» goratu zituen.

Badaki bidea

Alavesek ondo daki zer den Real Madrili irabazteko egin beharrekoa, 1-0 irabazi baitzion lehen itzulian. Haatik, Abelardok garbi du zailagoa izango dela gaurko neurketa. «Sasoi betean dago Real Madril. Zenbait jokalari euren maila gorenera hurbiltzen ari dira, eta partidak aise ari dira irabazten. Guk oso ondo egin beharko ditugu gauzak, eta, gainera, egun txarra izan beharko dute haiek». Edonola ere, partida ez du inondik ere galdutzat ematen. «Borroka egingo dugu». Gutxienez puntu bat urratu eta Europako postuei eusten saiatuko dira gasteiztarrak.

REAL MADRIL-ALAVES

Real Madril. Courtois; Odriozola, Nacho, Sergio Ramos, Reguilon;

Casemiro, Kroos, Modric; Vinicius, Benzema eta Bale.

Alaves. Pacheco; Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte;

Pina, Manu Garcoa, Wakaso; Jony, Baston eta Calleri.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Santiago Bernabeu (80.000 ikusle).

Ordua. 20:45 (Mov. Partidazo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.