Begitaziotik harago

Realak, Mestallan irabazi, eta Europako postuetan sartzea du gaur xede. Imanolen iritziz, Valentziak jokatzen du «ondoen» kontraerasoan
Mikel Oiartzabal, jaurtitzen, Valentziaren aurkako Anoetako lehian.
Mikel Oiartzabal, jaurtitzen, Valentziaren aurkako Anoetako lehian. J. HERRERO / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2019ko otsailak 10
Arre edo iso egiteko neurketa du gaur Realak, Valentziaren aurka, Mestallan. Europako ateetan da beste behin talde txuri-urdina, baina lehen baino determinazio handiagoz ari da orain. Boladari eutsi eta urte hasiera ona berretsiko du etxeko taldeari irabazten badio.

Sailkapenaren arabera, Realaren pareko taldea da Valentzia: 30 puntu ditu bakoitzak, bosgarren sailkatuak baino bost gutxiago. Alabaina, Espainiako Kopako finalerdietako joanekoa jokatu zuen ostegunean, eta Europa ligakoa jokatuko dute datorrenean. Hori horrela, goiko postuek begitazio soil izateari utzi eta jauzia emateko aukera erreala dute donostiarrek.

Apika-apika, Europa ligarako sailkatzea helburu dutela aitortzen hasi dira asteon txuri-urdinen zenbait jokalari, baina Imanol Alguacil entrenatzaileak ez du halakorik entzun nahi, oraingoz: «Irabazteko ilusioarekin goaz, hortik aurrerakoan pentsatu ere egin gabe».

Hala, kanpaiak garaiz aurretik jotzearen aurka mintzatu da prestatzaile oriotarra, bai baitaki talde «ona» duela Valentziak: «Goian estutzen duen taldea da, eta, atzera egiten duenean, jokalari guztiak elkarrengandik gertu dituela egiten du, kontraerasora joateko. Bikain egiten du hori; halakoak ondoen interpretatzen dituen taldea da».

Imanolek partida «zaila» espero du, Valentziak gora egin baitu azken asteetan: «Duela bi hilabete ez zeuden espero zuten egoeran, eta une zailak igaro zituzten». Txuri-urdinen entrenatzaileak azaldu du gaurko aurkaria «bere onena ematen ari dela, benetako ahalmenetik gertu» dagoela.

Nolanahi ere, Imanol «alai, lasai, konfiantzaz eta ziur» dago Realaren aukerez. Ez da gutxiagorako; azken 15 puntuetatik 11 bildu dituzte donostiarrek, nahiz eta oriotarrak garrantzi askorik ez eman: «Zenbaki horiek edozein unetan alda daitezke, baina, lanean horrela jarraituz, jokalariek estutzen segituz, gertuago egongo gara zenbakiak mantendu eta gora begira segitzetik».

Deialdiari dagokionez, ez daude jokalarien zerrendan ez Aritz Elustondo, ez David Zurutuza: min hartuta daude biak ala biak. Aldiz, Ruben Pardo jokatzeko moduan da, hilabete min hartuta egon ondoren.

VALENTZIA-REALA

Valentzia. Neto; Piccini, Roncaglia, Garay, Gaya; Wass, Parejo,

Kondogbia, Txerixev; Rodrigo eta Gameiro.

Reala. Rulli; Zaldua, Diego Llorente, Navas, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Merino; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Mestalla (55.000 ikusle).

Ordua. 16:15 (Bein La Liga).