Lanak eginda, aurrera

Osasunak ez du hutsik egin, eta 1-4 hartu du mendean Fuentes. Darko Brasanac, Nacho Vidal eta Kike Garcia izan dira golegileak

Osasunako Kike Garcia, atzo, taldearen hirugarren gola sartzeko errematea egiten. JAVIER CEBOLLADA / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Osasunak ez zuen hutsik egin Fuentesen aurka Kopan, eta 1-4 nagusitu zen atzo. Ligako hamaikakoetan ohikoak izan ez diren hainbat jokalarik jokatu zuten hasieratik Fuentes de Ebron (Aragoi). Arrasatek esana zuen ez zuela ezustekorik nahi, eta lehen zatian zailtasunak izan bazituzten ere, bigarren zatian aise nagusitu ziren gorritxoak. Darko Brasanacek, Nacho Vidalek eta Kike Garciak egin zituzten golak.

Hasiera-hasieratik erakutsi nahi izan zuen nagusitasuna Osasunak, eta aukera garbi ugari izan zituen markagailuan aurretik jartzeko. Buruz, boleaz, ezkerrez, eskuinez... era guztietako erremateak egin zituzten gorritxoek lehen zatian, baina lan bikaina egin zuen Borja Leon atezainak. Aukera garbienak Ante Budimirrek izan zituen, baina arratsalde beltza izan zuen kroaziarrak Munduko Kopara joan aurretik.

Neurketa atsedenaldira iristear zela iritsi zen gorritxoen lehen gola. Ruben Peñak egindako erdiraketa bat Roberto Torresek ukitu zuen buruz, eta Brasanaci iritsi zitzaion baloia. Erdilariak ez zuen area barruan barkatu, eta sareetara bidali zuen baloia. Atsedenaldira markagailu horrekin iritsiko zirela zirudien, baina orduan etorri zen ezustekoa. Leonek luze jaurti zuen baloia, kontraerasora ateratzeko helburuarekin, eta Requenori iritsi zitzaion. Osasunako atzelariak ez ziren fin ibili, eta, Manu Sanchezi izkin egin eta gero, sareetara bidali zuen baloia erremate gurutzatu batekin. Bisitarien haserrearekin eta etxekoen pozarekin iritsi zen partida atsedenaldira.

Arrasatek aldaketa bakarra egin zuen atsedenaldian. Nacho Vidal sartu zen Ruben Peñaren ordez, eta ezin hobeto atera zitzaion erabakia, bigarren zatia hasi bezain laster gola sartu baitzuen Vidalek. Eskuin hegaletik egindako jokaldi batean, Torresek ondo ikusi zuen Vidalen barneraldia, eta atzelariak, birritan pentsatu gabe, gogor jaurti zuen baloia. Leonek ezin izan zuen ezer egin, eta bigarren aldiz aurreratu zen Osasuna.

Lehen zatian indarrez hustu zen Fuentes, eta indarrik gabe gelditu zen bigarren zatian. Osasunak, aldiz, berean jarraitu zuen, eta bost minutu geroago beste gol bat sartu zuen. Kike Barjaren pase bat Kike Garciak jaso zuen area barruan, eta, buelta erdia eman eta gero, sareetara bidali zuen baloia Leon atezainaren gainetik. Aurrelaria golak sartzeko gosez zelairatu zen bigarren zatian, eta gorritxoen laugarrena ere hark sartu zuen, 65. minutuan. Barjak bakarkako jokaldi ederra egin zuen ezker hegalean, eta area barruan egindako erdiraketa Kike Garciak errematatu zuen sareetara, buruz. Horrela amaitu zen neurketa San Miguel Berrian.

Ezustekoak, Bizkaian

Arenasek, Gernikak eta Sestao Riverrek irabazi egin zituzten euren partidak, eta hurrengo faserako sailkatudira. Arenasek eta Gernikak eman zuten ezustekoa, bigarren mailako bi talderi irabazita.Arenasek 1-0 irabazi zion Lugori, eta Gernikak, berriz, penaltietan hartu zuen mendean Leganes. Sestaok ere 1-0 irabazi zuen Racing Ferrolen aurka.

Beasainek eta Amorebietak gertu izan zuten garaipena, baina ez zuten sailkatzea lortu. Luzapenean galdu zuten; Sportingen aurka Beasainek (2-3), eta Saguntinoren aurka Amorebietak (1-0).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.