Arkaitz Mendoza.
79. Musika Hamabostaldia. IRITZIA

Iragana atzerako ispiluan

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Musika kritikaria

Zortzi hamarkadatik gertu dago Donostiako Musika Hamabostaldiaren biziraupena, eta, urtetik urtera, lasaia eta baketsua da joera, iraultzarik gabekoa. Hilabete osoan egingo diren kontzertuen plangintza aztertu eta gero, antolatzaileen esanetan arrasto gozoa utzi zuten artistak gure artean ditugu berriz ere, eta, gehiegi direnez, izendaezinak dira kasu honetan. Hein batean, positibotzat har genezake albiste hori, baina izen ezagun dezente aurkitzeak adierazten du musika jaialdiaren berritasunari ukitu txiki bat ematen diogula, eta kalte egiten dio etorkizunera begira. Etorkizuna iraganean oinarritu daiteke, bai noski, baina, helburu bezala, iraganak ezin du hasierako planteamendua markatu.

Musikariez gain, musika berdintsuak entzungo dira Musika Hamabostaldian. Operan, Giacomo Rossini; San Telmo museoan, Brahms Project, iaz bezala; eta Kursaaleko auditoriumean, Igor Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea eta Piotr Ilitx Txaikovskiren 4. Sinfonia. Betiko obrak ia betiko izenekin; gutxienez, ospe handiko musikariak eta taldeak azpimarratu genitzake: Budapesteko orkestra, Ivan Fischer zuzendariarekin; Jordi Savall, Viktoria Eugenia antzokian eta Senperen; eta euskal musika omenduko duten Carlos Mena kontratenorrak eta Labeque ahizpa pianistek: organo zikloan, entzuleentzat doakoak diren betiko kontzertu mordoa; musikari gazteen zikloan, Musikeneko talentuak; antzinako musikan, kalitatea ziurtatuko dute Raquel Anduezak eta Inegal Ensemblek; eta musika garaikideko zikloan, talde egituran aurkeztuko dira, bakarlaririk gabe.

Orkestra handien presentzia ikusita, hoberantz doa musika jaialdiaren aurrekontua. Kolonia, Hanburgo, Rotterdam eta Budapest hirietako orkestrek beren tradizioa eta interpretazio ikuspegiak zabalduko dizkigute Donostia txikian, gure etxeko Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Ibilaldi bat egiteko aitzakia bilakatu den zikloan, aldiz, euskal sopranoak ariko dira: operan parte hartzeaz gain, Arantza Ezenarrok bere kantu hotsa bakarka eskainiko du; Clara Mouriz aurten ere gure artean izango da —San Telmo Museoan—; Mendizabal—Pietro bikotea Getarian; eta Leticia Vergara Artzienagan, Araban.

Inaugurazio egunean, suziri handiko festarekin eta ikuskizun handi batekin ohitu gaitu Musika Hamabostaldiak, eta lehen aipaturiko iragana etorkizunarekin nahastuko da aurtengoan: Josep Haydnen Kreazioa obra La Fura dels Baus konpainiaren sinadurarekin. Ikusiko dugu zenbaterainoko harridura aurpegia pizten dien entzuleei; ziur nago gutxienez egunerokotik irtengo dela.

Laburbilduz, azken urteetako musikariak ditugu musika ezberdinekin; baina hain hurbil ditugun zorioneko zortzi hamarkadak ospatzeko, egitarau klasikoekin gainezkatuko dute berriz ere jaialdiko programa? Hausnarketa hau hurrengo urterako utziko dugu, orain goza dezagun egun gutxi barru hasiko den Musika Hamabostaldiaren 79. edizio honetaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.