Bidasoa, nagusitasunez

Irungo taldea zortzi golen aldearekin gailendu zaio Anaitasunari: 17-29. Defentsan Rangel eta erasoan Renaud izan dira lehiako onenak

Bidasoko Iñaki Cavero, gol bat ospatzen atzoko partidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Derbiek beti izan ohi dute emozioa eta lehia. Atzo, ordea, ez zen hala gertatu Anaitasunak eta Bidasoak Iruñean jokatutako partidan. Gipuzkoarrek zortzi golen aldearekin irabazi zuten, 17-29, eta denboraldi honetan bi taldeen artean dagoen aldea berretsi zuten. Garaipen horrekin, Jacobo Cuetaren taldea goiko postuetan sendotu da: bigarren dago, 21 punturekin. Sufritzen ari da, berriz, Anaitasuna, hamabigarren baitago, 14 punturekin.

Etxekoak 2-1 aurretik hasi ziren arren, Bidasoak berehala hartu zuen partidako aginte makila, eta 10. minuturako 3-6 zegoen aurretik. Abantaila horren gakoa defentsan egon zen. Izan ere, Anaitasunak ezin zuen zulorik topatu Bidasoaren defentsan. Gainera, aurkitu zuenean, Rangel atezainarekin egin zuen topo. Partidako jokalaririk onenetako bat izan zen.

Jacobo Cuetararen taldea eroso ari zen, eta 24. minuturako bideratua zuen partida, 1-6ko partzialari esker: 6-13. Dena den, atsedenaldia baino lehen, emaitza itxuratzea lortu zuen Anaitasunak, eta 12-15ekoarekin joan ziren aldageletara.

Gol batera ere jarri ziren bigarren zatian, Bidasoa jokalari bat gutxiagorekin ari zela baliatuz: 14-15. Baina horraino iritsi zen Anaitasunaren susperraldia. Izan ere, Iñaki Anizen taldea 11 minutu egon zen golik sartu gabe, eta hor erabaki zen partida, Bidasoak ez baitzuen huts egin. Bidasoko Renaud izan zen partidako golegilerik onena. Bost sartu zituen; bat, penaltiz.

Bera Berak, kale edo bale

Super Amara Bera Berak, berriz,kale edo baleko partida du gaur, EHF Kopan segitzeko. Ligaxkako laugarren partida du, Podravka Vegetaren kontra, Gaska kiroldegian (12:00, ETB1). Kroaziako taldea multzoko lider da, eta ez du partidarik galdu.

Gipuzkoarrek irabazi egin behar dute sailkatzeko aukerei eusteko, baita Nykobingek arratsaldean Craiovari ez irabaztea ere.

Imanol Alvarezek ez dio horri erreparatu nahi. «Gure helburu bakarra irabaztea izango da, eta zaleekin disfrutatzea. Jakitun gaude ez dela erraza izango, haiek ligaxkan ez baitute partidarik galdu. Baina badakigu nola egin diezaiekegun min, eta horretan ahaleginduko gara».

Bestalde, Ohorezko Mailan,Zuazok kolpea jaso zuen. Izan ere, gol baten aldearekin galdu zuen etxean jaitsierako borrokan aurkari zuzena duen Morvedreren kontra: 21-22.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.