Ez dute azken hitza esan

Altuna III.ak eta Martijak 22-8 irabazi diete Elezkano II.ari eta Rezustari, eta are gehiago estutu dute Binakako Txapelketako ligaxkako sailkapena

Jokin Altuna, pilota jotzen, Danel Elezkano begira duela, atzo, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Pilota enpresek lasaitua hartu dute asteburu honetan. Kezkatuta zeuden Binakako Txapelketako ligaxkako azken bi jardunaldiak ia sobran egon zitezkeelako, baina herenegun eta atzo izandako emaitzek puri-purian jarri dute berriro sailkapena.

Ezkurdia-Ladis Galarzak emozio handiagoa eman zioten ligaxkari herenegun Azpeitian (Gipuzkoa) Irribarria-Zabaletari 22-21 irabazita. Atzo, berriz, Altuna III.a-Martijak puri-purian jarri zuten sailkapena, Iruñean, Elezkano II.a-Rezusta 22-8 mendean hartuta. Emaitza horri esker, Altuna III.a-Martijak berdindu egin dute Artola-Mariezkurrenarekin laugarren postuan, sei garaipen lortuta. Asegarceko bikoteak, hala ere, aukera du gaur berriz ere ihes egiteko. Horretarako, Arteaga II.a-Albisuri irabazi behar diete, Gasteizen. Galduko balute, eta astindua jaso, lehen lau postuetatik kanpo leudeke aspaldiko partez, Altuna III.a-Martijaren mesedetan. Emozio nahikoa ez, eta datorren igandean elkarren aurka jokatuko dute bi bikote horiek, Tolosan (Gipuzkoa). Erabakigarria izango da norgehiagoka horretan zer gertatuko den.

Eta partida horretara konfiantzaz gainezka iritsiko dira Altuna III.a eta Martija. Azkeneko hiru partidak irabazi dituzte, eta atzo sekulako erakustaldia eman zuten liderren aurka. Elezkano II.a eta Rezusta azken sei neurketak irabazita zeuden, baina atzo ezinean aritu ziren. Aukerarik txikiena ere ez zuten izan. Altuna III.aren eta Martijaren erauntsiak bete-betean harrapatu zituen, eta airean bota. Non egon zen gakoa? Altuna III.ari eta Martijari dena atera zitzaien, eta Elezkano II.ari eta Rezustari ezertxo ere ez.

Gorriek hasi eta berehala jo zuten lehen kolpea, aurreneko sei tantoak lortuta. Etorriko zenaren aurrerapena izan zen. Urdinek bi tanto egin zituzten segidan. Eta kito. Bigarren kolpea jo zuten irabazleek, aurrenekoa baino indartsuagoa, zazpi tanto lortu baitzituzten erreskadan: 13-2. Hasi orduko erabakita zegoen neurketa. Urdinen susperraldiren bat espero zitekeen, baina ez zen halakorik gertatu. Aitzitik, gorriek egurrean jarraitu zuten, eta are handiagoa egin zuten zuloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.