Ez dauka aurkaririk

Julian Alaphilippek erakustaldia emanda irabazi du Milan-Sanremo klasikoa. Zazpi garaipen lortu ditu aurten lehiatu den 22 egunetan

Julian Alaphilippe, garaipena ospatzen, atzo, Sanremon. DARIO BELINGHERI / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Abiada hartua du Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step), eta ez dago hura geldituko duenik. Frantziarrak ia urtebete darama sekulako pedal kolpearekin, eta, horri esker, makina bat garaipen lortu du. Milan-Sanremo klasiko ospetsuan eskuratu du azkena, atzo, eta aurreko gehienetan bezala, erakustaldia emanda. Azkarrena izan da esprintean, Oliver Naesen (Ag2r) eta Michal Kwiatkowskiren (Sky) aurretik. Faborito gehienak iritsi dira talde horretan.

Denboraldiko zazpigarren garaipena du Alaphilippek, zazpigarrena lehiatu den 22 egunetan. Bi etapa San Juango Itzulian, beste bi Kolonbiakoan, beste bi Tirreno-Adriatikoan, eta Strade Bianche eta Milan-Sanremo klasikoak. Horra haren uzta ikusgarria. Baina haren bolada aspaldikoa da, urtebete eskasean hamazazpi garaipen lortu baititu. Bi Frantziako Tourrean, beste bi Euskal Herriko Itzulian, beste bat Dauphinen eta Eslovakiako eta Britainia Handiko itzulietan, Fleche Wallonne eta Donostiako Klasikoa. Horra sasoi honetako uzta oparoari gehitu beharrekoak. Esprintean, ihesean, aldapan gora, erlojupekoan... modu guztietara nagusitu da, baita proba oso ezberdinetan ere: astebeteko itzulietan, hiruastekoetan eta klasikoetan. Azken horietan ikusgarria da daraman bolada, jokatu dituen azken bostetatik lau irabazi baititu: Fleche Wallonne, Donostiako Klasikoa, Strade Bianche eta Milan-Sanremo. Lehen bien artean laugarren izan zen Lieja-Bastogne-Liejan. Hala, sekulako garaipen zerrenda osatu du 2013an profesionaletara pasatu zenetik, gaztea baita oraindik: 27 urte egingo ditu ekainean. Ondo bidean, makina bat urte dauka palmaresa handitzeko.

Higuitaren garaipena

SergioHiguita Euskadi Fundazioko 21 urteko txirrindulari kolonbiarrak ere etorkizun oparoa du. Atzo sasoiko estreinako garaipena eman zion euskal taldeari, Alentejoko Itzuliko laugarren etapako lehen saioa irabazita. Mario Gonzalez Euskadi-Muriaseko espainiarra sailkatu zen haren atzetik. Eguneko bigarren saioan, zortzi kilometroko erlojupekoan, Joao Rodrigues portugaldarra (Porto) nagusitu zen, eta Higuita zazpigarren izan zen, 21era. Sailkapen nagusian, Rodrigues da lider, eta Higuita bosgarren, 21era. Postu bat atzerago dago Txomin Juaristi taldekide markinarra, 26ra. Gaur amaituko da itzulia, etapa gorabeheratsu batekin.

Lehiak ez du etenik, eta hurrengo egunetan hainbat lasterketa jokatuko dituzte. Bat nabarmentzen da, Kataluniako Volta. Bihar hasi eta datorren igandean amaituko da. Izar festa izango da, Chris Froome eta Egan Bernal (Sky), Alejandro Valverde eta Nairo Quintana (Movistar) eta Miguel Angel Lopez (Astana) ariko baitira, besteak beste. Zazpi euskal txirrindulari lehiatuko dira: Pello Bilbao (Astana), Imanol Erbiti (Movistar), Mikel Aristi, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria eta Sergio Rodriguez (Murias).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.