Athleticek erabat uxatu nahi ditu denboraldi hasierako zalantzak

Cadiz hartuko du gaur San Mamesen. Gaizka Garitanok «ondo» ikusten du taldea, eta aurkaria egiten ari den lana goraipatu du

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Denboraldi-aurreko emaitzek eta Granadaren aurkako porrotak zalantzak sortu zituen Athleticen inguruan. Baina, igandean Eibarri irabazi ostean, horiek uxatzen hasteko urratsa egin zuen Gaizka Garitanoren taldeak. Gaur, ia guztiz bazter ditzake, San Mamesen Cadizi irabaziz gero (19:00).

Hamarkada eta erdi da bi taldeek partida ofizial bat jokatzen ez dutela. Igandean itxura ona eman zuen Athleticek Ipuruan. Partida bakarreko astean izan balitz, ziurrenik Garitanok aldaketa gutxi egingo zituen hasierako hamaikakoan, baina igandean derbia dute Alavesen kontra. Ondorioz, ikusteke dago txandakatzeren bat egingo duen.

Atzealdeari segida eman diezaioke, Yeray Alvarez ez baita osatu, eta Unai Nuñez ondo aritu baitzen. Zelai erdian, Unai Lopez eta Jon Morcillo nabarmendu ziren. Biak oso sasoi onean daude, eta ziurrenikhorri etekina atera nahi dio Garitanok. Asier Villalibrek ere erakutsi zuen irten zenean hasieratik aritzeko moduan egon daitekeela, eta agian, hark izan dezake aukera gehien sartzeko, Iñaki Williamsi, Iker Muniaini edo Raul Garciari atseden emanda. «Denak ondo daude, eta hori da inportanteena, jokatzen dutenek eta jokatzen ez dutenek estutzea. Lehia hori ona da», adierazi zuen Derioko entrenatzaileak atzo, norgehiagokaren aurreko prentsaurrekoan.

Aurkariari ere egin zion azpimarra. «Orain arte jokatu dituen partidetan asko gustatu zait. Zelaian oso ondo jarrita dago, eta oso ondo egokitzen ari da Lehen Mailan jokatzera».

Fitxaketaren bat egiteko aukeraz ere galdetu zioten Athleticeko entrenatzaileari. «Klubaren esku dago hori, eta egiten duena ondo eginda egongo da. Azkeneraino joango gara dugun taldearekin», nabarmendu zuen. Bestalde, zaleak San Mameseko harmailetara itzultzeko duten «beharra» ere nabarmendu zuen. «Haien hutsunea dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.