Ibai Zabala Gandarias
Pilota. Binakakoaren finala. IRITZIA

Zorrak zor

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Iritsi da finala. Arnasa luzeko txapelketa da hau, askori luzeegia gertatu ohi zaiona. Baina, aurtengo honetan, lehen ligaxkan onenak izan ziren bi bikoteak, bigarrenean ere onenak izanda, finalean daude.

Jon Ander Peña Olazabalek finalera heltzea lortu du bere lehen txapelketan. Aurkezpen eguneko ezusteetako bat izan zen, Baikoren apustua, eta ondo baino hobeto erantzun du. Geratzeko heldu da.

Aurreko koadroetan Danel Elezkano Bilbao izango du parean. Pilotari argia, beti erabaki zuzena hartzen duten horietakoa. Hasieratik jokatu dituen lau txapelketetatik hirutan finalean izan da. Hori ez da kasualitatea, kausalitatea baizik.

Bizkaitarraren bizkartzaina izan da txapelketako izar nagusia: Jose Javier Zabaleta Lasa. Ikaragarrizko erakustaldiak egin ditu, kantxan ibili, segurtasuna erakutsi... eta pilota astindu. Partida guztietan aurkari guztiak, lehenik, abailtzen eta, ondoren, txikitzen dituen mailu bat izan da. Baina norbait Zabaletaren mailukadak eusteko gai baldin bada, hori Jon Ander Albisu Albizu da, Etxarrengo atzelariarekin batera, txapelketako beste izarra. Hamar urte daramatza urtero txapelketa jokatzen, eta maila ederra ematen. Aurten, bikotearen lidergoa hartu, eta bikain bete du bere lana, aurrelari gazteari gerizpe gozoa eskainiz.

Gorriak dira faborito; hori ukaezina da. Pilotari naizen aldetik, onenak irabaz dezala topikoa bota beharko nuke, politikoki zuzena izan, baina ez da nire estiloa. Nire bihotza urdinekin izango dudala aitortu behar dut, batez ere Albisurekin. Pilotak txapel bat zor dio ataundarrari, pilotari eman dion guztiagatik. Hala ere, lasai, Jon Ander. Pilotak zor hori kitatu edo ez, pilotazaleek eta kideok jarri dizugu gurea. Eta, kasu egin, ez dago horrelako txapelik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.