Zehaztuta dago dena

Artola-Mariezkurrenak 22-21 galdu dute Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka, eta, beraz, Altuna III.a-Martija sailkatu dira finalerdietarako

Iñaki Artola, pilota eraman nahian, atzo, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Kito. Zehaztuta daude kontu guztiak Binakako Txapelketako aurreneko ligaxkan. Partida bat falta da jokatzeko, Altuna III.a-Martijak eta Bengoetxea VI.a-Imazek gaur Donostian jokatuko dutena. Baina sobera dago norgehiagoka hori. Jakina da jada zein lau bikote ariko diren finalerdietako ligaxkan: Aspetik, Elezkano II.a-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija; eta Baikotik, Victor-Albisu. Bi aste barru hasiko da bigarren ligaxka.

Altuna III.a-Martija edo Artola-Marizkurrena sailkatuko ziren. Horra azken jardunaldian argitu beharreko kontu bakarra. Bada, aurrenekoentzat izan da saria, azken partida jokatu gabe. Aukera bakarra zegoen hori gerta zedin, Artola-Mariezkurrenak Iruñean Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka galtzea. Eta horixe gertatu zen: Ezkurdia-Ladis Galarzak 22-21 irabazi zuten, eta mesede galanta egin zieten enpresakideei. Emaitza horrek baliorik gabe utzi zituen gaurko partida eta atzo Irribarria-Zabaletak Victor-Albisuren aurka Ataunen jokatutakoa: 22-18 irabazi zuten Aspekoek.

Emozioak gainezka egin zuen Labriten, tanto bakar batek erabaki baitzuen garaipena eta zeinek egin aurrera. Azken tanto hori, gainera, ezin luzeagoa eta borrokatuagoa izan zen. Baina Ezkurdiak zapuztu zituen Baikoen itxaropen guztiak.

Atzelarien partida izan zen, aurrelariak eskas aritu baitziren: Ezkurdiak zazpi tanto egin zituen, eta sei huts egin; Artolak, berriz, hamar egin zituen, eta beste horrenbeste huts egin. Atzean, ordea, oso ondo aritu ziren Ladis Galarza zein Mariezkurrena, batez ere bigarrena. Berriozartarrak erakustaldia eman zuen bigarren erdian, 15-10 atzetik zirenean, eta berriro utzi zuen agerian atzelari puska dela, eta 19 urterekin, etorkizun bikaina duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.