Espainiako Vuelta

Mamuak itzuli zaizkio

Carapazek kinka larrian jarri du Roglic, baina esloveniarrak eutsi egin du, eta, ondo bidean, Vuelta irabaziko du gaur. Gaudu nagusitu da etapan

Mamuak itzuli zaizkio.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Oraingoan ez. Oraingoan ez dio ihes egingo azken egunean itzuli handi batek Primoz Roglici (Jumbo Visma). Sekulako ezbeharra gertatu beharko litzaioke txirrindulari esloveniarrari gaur Madrilen, Espainiako Vueltako azkeneko etaparen amaieran ez igotzeko maillot gorriarekin podiumeko koska gorenera. Bigarren garaipena izango du Vueltan.

Frantziako Tourrean gertatu zitzaion: Tadej Pogacarrek (UAE) ia bi minutu atera zizkion azkeneko eguneko erlojupekoan, eta harena zirudien Tourra kendu zion. Baina ezin da konparatu orduko egoera eta oraingoa. 24 segundoren aldea du Roglicek sailkapen nagusian bigarren sailkatuarekin, Richard Carapazekiko (Ineos), eta 47koa hirugarren sailkatuarekin, Hugh Carthyrekiko (Education First). Baina gaurko etapa laburra, laua eta zailtasunik gabekoa da. Alfonbra gorri bat da ia.

Baina Roglic sustoa gainetik kendu ezinda igoko da podiumera. Tourreko hondamena Vueltan errepikatzear izan da. Aurkariek azkeneraino estutu dute, eta kinka larrian jarri dute. Batez ere, Carapazek. Ekuadortarrak paretaren kontra jarri zuen esloveniarra atzo, La Covatillako mendateko azkeneko aldapatan. Carthy saiatu zen lehenbizi, bitan, baina Ineosekoaren ahalegina izan zen balekoa. Aurrera egin zuen bakarrik helmugarako hiru kilometro falta zirela, eta liderrari denbora aterazjoan zen metroak egin ahala. 45 segundoren aldea zuen Roglicek azken-aurreko etapari ekin aurretik, eta azkeneko kilometroa falta zela, ia minutu erdia kendua zion Carapazek. Jota zegoen Roglic, eta taldekide bakar bat ere ez zuen laguntzeko.

Baina, orduan, ustekabeko laguntza jaso zuen, Marc Soler eta Enric Mas Movistarreko txirrindulariena, Carapazen taldekide izandakoena. Haien gurpilari eutsita, aldea murriztu zuen Jumbokoak. Azkenean, atzean ere utzi zituen, eta Carapaz baino 21 segundo geroago helmugaratu zen. Sei lehenago iritsi zen Carthy. Lasaitu galanta hartu zuen Roglicek helmuga zeharkatu zuenean, mamuak bueltan izan baitzituen.

Etapa, berriz, David Gauduk (Groupama) irabazi zuen; bigarren garaipena du frantziarrak ekitaldian. Ion Izagirre (Astana) lasterketa buruan izan zen azken igoeran, baina Gauduk atzetik aurrera eginez pasatu zuen. Ormaiztegiarrak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.