Zukua atera nahian

Sagardoaren Txapelketako finala jokatuko dute bihar Galarretan. Ansa II.a-Juanenea eta Urriza-Zubiri ariko dira elkarren aurka

Ariz Juanenea, Imanol Ansa, Aritz Zubiri eta Javier Urriza, finaleko pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Sagarrondoa astindu ostean, finalerako sailkatu ziren Ansa II.a- Juanenea eta Urriza-Zubiri. Lehengaia eskuan dute, baina horrekin bakarrik ez dira konformatzen: ahalik eta gehien zukutu nahi dute, sagarra usteldu baino lehen. Bihar neurtuko dituzte indarrak Galarreta pilotalekuan (Hernani), Sagardoaren Txapelketako finalean (ETB1, 22:20).

Orain arteko neurketa guztiak irabazi dituzte Javier Urrizak eta Aritz Zubirik (Goizueta, Nafarroa, 1987): seitik sei. Lana «errematatzea falta» zaie, atzelari goizuetarraren esanetan. Zubirik bazekien Urrizarekin jokatzea egokituta «faborito» bilakatuko zela. Halere, finala neurketa bakarra izanik, ez du uste bikote batek besteak baino aukera gehiago dituenik: «Finala hil edo biziko neurketa da. Aurretik eginikoak ez du ezertarako balio. Finalak ezberdinak dira, eta, aurkariak honaino iritsi badira, zerbaitengatik iritsi dira».

Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak (Saldias, Nafarroa, 1992), berriz, behetik gora egin dute. Ez ziren nahi bezala hasi, baina atzelariaren ustez, finalerdi «estu eta polita» irabazi eta gero, «sasoiko» daude: «Konfiantzaz gainezka iritsi gara. Imanolek ezin izan zuen bere onena guztiz eman lehen partidetan, baina finalerdian neurketa ikaragarria egin zuen [hamabost tanto egin zituen]. Bete-betean ailegatzen gara».

Ligaxkan, Urriza-Zubiri aise nagusi zitzaizkien Ansa-Juaneneari: 30 - 16. Bi atzelariak ados daude: «Neurketa hori ezin da erreferentziatzat hartu». «Hasiera parekatsua izan zen, baina, gero, akats asko egin zituzten haiek. Haien partidarik txarrena izan zen», azpimarratu du Zubirik.

Urriza erremonteko jokalaririk loriatsuenetako bat da, eta bikain mugitzen du eskuin eskumuturra. Aurreko koadroetan oso jokalari arriskutsua da, baina Juaneneak «beldurrik gabe» jokatu nahi du haren aurka: «Oso ona da, baina bai finalerdian, baita aurreko beste partida batean ere zalantzati aritu da, eta hori baliatu behar dugu. Ez dugu itsutu behar Urrizari pilota kentzearekin. Aurrean akatsak egiten hasten bada, neurketatik irten daiteke. Uste dut Imanolek, gainera, min egin diezaiokeela». Bikote nafarraren final ideala sinplea bezain zaila da: «atzean nagusitu behar dugu, eta aurrean, amaitu». «Atzean Juaneneari nagusituz gero, eta Urrizari tantoa amaitzeko pilota onak utziz gero, irabazteko aukera asko izango dugu».

Denboraldi hasieratik atzelari modura ari da Juanenea. Ansarekin bikotea osatzeko garaian, aurreko koadroetan izandako esperientzia horrek «on» egiten diela uste du: «Atzetik beste ikuspuntu batetik ikusten dut partida, baina badakit zer den aurrean egotea. Beste atzelari batzuek ulertzen ez dutena ulertzen dut. Badakit zer den Imanolen larruan egotea. Uste dut, gainera, nik norgehiagokak irakurtzeko gaitasuna dudala, eta horrek mesede handia egiten dio gure bikoteari».

Pilotekin, ezustekoak

Aurkariek aukeratutako pilotekin «harrituta» gelditu da Zubiri, baina «konforme» dago materialarekin: «Guk pilota biziak aukeratu ditugu, Ansari aurrean bote egin, eta hura saihesteko. Haiek ere pilota biziak aukeratuko zituztelakoan nengoen, esaten baita Urrizak pilota motelarekin asko jokatzen duela. Ez nuen espero saskian aukeratutakoak baino pilota dezente biziagoak uztea». Hona Juanenearen azalpena: «Gure asmoa ere biziak hartzea zen, baina eurek aukeratu dituztela ikusita, motelen alde egin dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.