Hasierako irrikarekin

'Suma de oscuros' erakusketa jarri du Gustavo Perez Monzonek Cibrian galerian, Donostian. 1980ko hamarkadan sona handia izan zuen

Gustavo Perez Monzon artista kubatarra, Cibrian galerian jarritako erakusketan. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
«Ibilbide bat hastear den gazte bat bezala sentitzen naiz», dio Gustavo Perez Monzon artista kubatarrak. Ez du hutsetik hasi behar, ordea. Aspaldiko ezagunak ditu erakusketak eta arte galeriak. 1980ko hamarkadan sona handia lortu zuen Kubako panorama artistikoan, besteak beste, Volumen Uno erakusketa kolektiboan parte hartu baitzuen. Mugarritzat hartu izan da erakusketa hura arte kubatarraren historian, aurrekari bat herrialdeko artea nazioartean proiektatzen hasteko. 1986ra arte sektore horretan erabat inplikatuta egon zen Perez Monzon, baina Mexikora joatea eta irakaskuntzan aritzea erabaki zuen orduan. Han bizi da ordutik. «Niretzat oso zaila zen egunero lanera joatea eta ekoizpen artistikoa uztartzea, eta ia erabat utzita eduki nuen ekoizpena».

2015era arte. Urte horretan, Habanako Arte Ederren Museo Nazionalak artistaren atzera begirako bat antolatu zuen, Ella Fontanals Cisneros bildumaren eskutik, Tramas izenekoa. «Pizgarri bat izan zen berriz ere nire ibilbideari ekiteko». Horretan ari da azken urteotan. «Uste nuen orain dudan adinean seguruago egongo nintzela gauza guztiez, seguruagoa izango zela bizitza, erantzun zehatzak izango nituela arteaz eta munduaz». Ezetz dio, ez zaiola halakorik gertatu. «Baina ez dut esaten hori txarra denik, itxaropen berriak sortzen dizkit, eta hori zirraragarria iruditzen zait».

Bigarren fase honetan egindako lanak jarri ditu ikusgai Donostiako Cibrian galerian, Suma de oscuros izeneko erakusketan. 11 lanek osatzen dute, eta horietako batzuk aurrez inon erakutsi gabekoak dira. Horma oso bat hartzen duen hariekin egindako instalazio bat da deigarrienetakoa. «Ehunetatik ateratako hariak dira; pinporta moduko batzuk ateratzen zaizkie hariei, eta efektua oso bestelakoa da», zehaztu du hari karrete bat erakutsi bitartean.

Egun batzuk behar izan ditu erakusketa nahi bezala taxutzeko. «Instalazioetatik interesatzen zait nolako giroa sortzen duzun, inguruarekiko harremanean». Irakaskuntzako lana ere hortik bideratu du: «Nire irakaskuntza proposamenaren erdigunean hori egon da: nola pentsatu obra espazioarekin harremanetan, aurkitzen zoazen materialekin harremanetan, eta horren arabera nola eraiki osotasun bat». Jendeari oraindik gauzak definitu gabe daudeneko bide hori erakustea gustatzen zaio. «1940-1950eko urteetan modernismoan lan egiten zen bezala lan egiten dut, hasierako abstrakzioaren barruan».

Badaude ehunekin egindako lan gehiago ere erakusketan, baina gehientsuenak teknika mistoa erabiliz kartoi mehe gainean egindako lanak dira. «Akaso bakoitzak izango du bere nortasuna, baina, aldi berean, osotasun baten parte dira».

Hurrena, zinemari buruzkoa

Cibrian galeriak orain arte antolatu duen laugarren erakusketa da Perez Monzonena. Bilduma. Repensar la pintura erakusketa kolektiboa izan zen estreinakoa; Leandro Feal artista kubatarraren El intrusismo del inspector etorri zen gero; eta hirugarrena Felicie d'Estienne d'Orvesen Deep Fields izan zen. Perez Monzonenaabuztuaren 31ra arte ikusi ahalko da.

Arte garaikidearen galeria da Cibrian, eta Gregorio Cibrian haren zuzendariaren esanetan, Donostian arte garaikideak batik bat sektore pribatuan duen dinamika apurtzeko ahaleginetan ari dira, kosta egiten delako egitasmoei hedapena ematea. Iragarri du erakusketa kolektibo bat jarriko dutela uda ostean, eta, Donostiako Zinemaldia baliatuz, zinemarekin izango duela zerikusia. Nazioarteko nahiz tokiko artisten lanak erakutsiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.