Albistea entzun

Aritz Pardinak 'Ibai ahoak' saiakera plazaratu du

Aforismoz osatutako lana da, eta lau ardatzen inguruan ondu du egileak: lengoaia, denbora, ezagutza eta filosofiaren historia. Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du.
Aritz Pardina Herrero, <em>Ibai ahoak</em> (Balea Zuria) lana aurkeztu aurretik, atzo, Donostian.
Aritz Pardina Herrero, Ibai ahoak (Balea Zuria) lana aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2023ko martxoak 31 - Donostia

«Ezagutza eraiki: ezagutza prozesu amaiezin bezala ulertzeak abere arrazionalaren soseguari erasotzen dio». «Txio:twitterreko txoriek asko abesten dute, hainbeste, non melodiatik zaratara iritsi diren». Gehientsuenak hala, lerro bat-bitan sintetizatuta, baina behar izan duenean hamar lerrotik gorako aforismoak ere posible direla sinetsita ondu du Aritz Pardina Herrerok (Orio, Gipuzkoa, 1996) bere estreinako liburua: Ibai ahoak. Hasi eta buka aforismoekin osatu duen arren, saiakera gisa aurkeztu du, eta generoari buruzko gogoeta bat ere erantsi dio azkenetan. Balea Zuriak argitaratu du.

Lehen liburua du hau Pardinak. Filosofia ikasketak egindakoa da EHUn, eta, azaldu duenez, horiek eskatutako lan akademikoak egin bitartean joan zen zirriborratzen han-hemengo orri ertzetan orain Ibai ahoak-en bildu dituen testu puskak. Zehazki, Friedrich Nietzsche filosofo alemanaren inguruan sakondu zuen unibertsitatean, eta haren eragina nabarmena dela aitortu du egileak, ezer baino lehen. Argitaletxeko kide Juan Ramon Makusok ere berretsi du: «Originala jaso genuen momentutik nabaritu genituen haren [Nietzscheren] sinbolismoa eta dardara testuan. Ez da kasualitatea, Alemanian aforismoak tradizio handia baitu».

Lau ataletan egituratu du liburua Pardinak, eta hizkuntza (Lengoaiaren gazi-gozoak), denbora (Denbora sortzen ikasteko), ezagutza (Ibai ahoak) eta filosofiaren historia (Aforismoak arrazionalismoari) hartu ditu hizpide.

Lehen atalean, hizkuntza «emozioen bozgorailutzat» kokatu du, eta, Nietzscheren bideari jarraituta, jardun arrazionala, finean, sentimenduetan oinarritu ohi dela defendatu du. Hala dio liburua irekitzen duen aforismoak, hain justu: «Abere arrazionala: kontzeptuak arrazoimenak doitu dituen sentimenduak dira».

Ohiko lengoaiaren eta lengoaia artistikoaren arteko aldeak ere aztertu ditu lehen atal horretan —«ez dira kontrajarriak»—, eta «filosofo heroikoa» izendatu duen pertsonaia bati ere egin dio leku. «Ikasketetan ikusi nuen pertsonaia bat da: lengoaia aldrebesten zuten filosofia egiteko, ziurrenik, esan nahi zutena oso argi ez zutelako. Estilo nahasmenak, normalean, pentsamendu nahasmena du atzetik».

Denboraz aritzean, bestalde, musikaren esperientziara jo du egileak, bigarren atalean. Gitarra jotzailea eta musika irakaslea ere bada Pardina, eta jardun horietan ikusitakoak tempoaren kontzeptuari lotuta arakatu ditu. Bizitzaren abiaduraz eta isiltasunaren garrantziaz aritu da bertan, besteak beste, eguneroko egoera konkretuak berreskuratuta hainbatetan.

Askotariko bideetatik aintzira batera heltzen diren urekin erkatu du ezagutza, hirugarrenik, liburuari izena zor dion Ibai ahoak hirugarren atalean, eta «ikuspegi integratzaile» bat eskaini nahi izan duela nabarmendu du. «Ezagutza ez da bakarrik zientzia, artean ere badago ezagutza eta beste erregistro askotan ere berdin». Jakintzak berak gaur egungo munduan duen prestigioaz ere egin du gogoeta atalean, irudipena baitu urrituz doala. «Ohitura dugu ezagutza baliogabetzeko, atzetik interes ekonomikoak, edo bestelakoak daudelakoan. Sarritan entzuten dugu guztia erlatiboa dela, ez dagoela egiarik, ezerk ez duela balio... horren kontra egin nahi izan dut».

Eta azken atalera ere hedatu du jarrera hori. «Arrazionalismoa nagusi izan bada Mendebaldeko filosofiaren historian, horrek kontrako aldera egin du. Nietzscheren eszeptizismoa erabateko erlatibismoarekin nahastu da egun, eta horrek ez du ezertan laguntzen. Zerbait erlatiboa dela esateak ez dauka zentzurik, ordea, ez badira erlazio horiek arakatzen. Atzean zer dagoen ikusi behar da; uste dut hori egin behar lukeela filosofiak».

Definizioa berridaztea

Hitzatzeari Aforismoaren formaz eta edukiaz izena jarri dio Pardinak, eta idazten ari zen liburua ingurukoei azaltzeko hitzak falta zitzaizkiola ohartzean ekin zion hura idazteari. Aforismoaren definizioak berrikusi ostean, inguruan topatutakoek ez zuten «asebete», eta esanahia zabaltzea proposatu du. Euskaltzaindiaren «arau gisa proposatzen den esapide laburra» definiziotik, alemanen ondorengora gerturatzea: «Bizitzari buruzko jakituria eta esperientzia transmititzen duen prosan idatzitako lelo autonomo, labur eta zorrotza».

Definizioetan dena sartzen ez den jakitun, ordea, «aforismoen irakurketaren esperientziari» modu irekiagoan heldu nahi izan dio azken lerroetan egileak, eta euskaraz generoa landu duten egileei keinu bat egin die, hala nola Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Ana Urkiza, Karlos Linazasoro eta Ekaitz Goikoetxea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE
Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
Zetak taldea, azkeneko Herri Urratsen ©Patxi Belzaitz

Zetak, Krav Boca, FM Belfast eta J Martina batu dira EHZ jaialdiaren programaziora

Mikel Lizarralde

Aurretik iragarritako artistez gain, honako hauek ere izango dira Euskal Herria Zuzenean festibalean: Billie Brelok, Daudane, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D. Modu horretan, itxita utzi dute ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo den jaialdiaren egitaraua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...