Athleticek Alex Berenguer erdilaria fitxatu du, Turinetik

Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bada mugimendurik Athleticen. Talde zuri-gorriak udako merkatuan ez zuen jokalaririk fitxatu, zuzendaritzak harrobitik hazitako gazteengan jarri baitzuen konfiantza osoa. Oraingoz, baina, ez dute fruiturik jaso, eta presaren presaz, izaera lehiakorra berreskuratu nahi du talde zuri-gorriak. Halabeharrez, kanpoko atea ireki behar izan dute.

Hain zuzen, Alex Berenguer fitxatu du Athleticek, hamar milioi euro ingururen truke. Turin Italiako taldetik dator erdilari nafarra, eta 2024ra arte sinatu du kontratua. Berenguerrek 2017an hartu zuen Italiako bidea, Osasunan ibili eta gero. Hain zuzen, Nafarroako taldearen harrobian hazitakoa denez, Turinek Berenguerrengatik jasotako kopuru horretatik 1,5 milioi euro Osasunari emango dizkio. Turinekin, guztira, 72 partida jokatu, zortzi gol sartu eta zazpi asistentzia eman ditu. 25 urte ditu, eta hegalean eta erdi puntan aritu ohi da.

Bat etorri eta bestea joan. Gaizka Larrazabalen kasua da hori. Athleticekin zuen kontratua eten egin du, eta Zaragozara joan da ezker hegaleko erdilaria. Datozen bi sasoirako sinatu du 22 urteko bilbotarrak Espainiako taldearekin. Larrazabalek aurreko denboraldian egin zuen debuta Athleticeko lehen taldearekin, eta ligan hamar partida jokatu zituen, eta Kopan, bakarra. Athleticek aukera izango du hura berriz erosteko hurrengo bi sasoietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.