Adabakiak aski ez direnean

Osasuna odolusten ari da defentsan. Sendo hasi zuen denboraldia, baina zauri sakona du orain; hamahiru gol jaso ditu azken bost partidetan. Egoera horretan egingo dio bisita gaur Sevillari.

JESÚS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Zalantzarik ez dago: zinez arrakastatsua ari da izaten Osasunaren denboraldia. Espainiako Liga amaitzeko hamahiru jardunaldiren faltan, 31 puntu ditu Jagoba Arrasateren taldeak, eta bederatzi punturen aldea dauka jaisteko postuekin. Aurreikusi baino askoz ere hobeto dabil; azken batean, Lehen Mailara igo berria baita. Baina, era berean, agerikoa da gorritxoek sasoiaren lehen hereneko lilura eta freskotasuna galdu dutela. Txapelketa luze samar ari zaie egiten.

Erasoan ez dute lehengo distira bera, baina defentsaren ahuldadeak kezkatzen ditu batez ere: hamahiru gol sartu dizkiete azken bost neurketetan. Anoetan hasi zen bolada txarra, Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Realaren kalitatea gehiegizkoa izan zen nafarrentzat, eta lehiakor aritu arren, 3-1 galdu zuten. Hurrengo norgehiagokan ere emaitza bera lortu zuten, Vila-realen kontra. Orduan, erabakigarria izan zen aurkariaren joa. Eta Real Madrilek ere ez zuen gupidarik izan: 1-4 gailendu zen Sadarren. Astindu horien ostean, Osasunak garaipen suspergarria lortu zuen Athleticen aurka, atea hutsean utzita.

Haatik, adabaki bat baino ez zuen jarri partida hartan, jarioa ez baita eten. Azken jardunaldian, hankapean ibili zuen Granadak, eta 0-3 galdu. Arrasateren aroko norgehiagokarik kaskarrenetako bat izan zen. Lasaikeria zantzuak igorri zituen, eta akats larriak egin defentsan. Atzeko lerro titularrarekin jardun zuen Nafarroako taldeak, baina zuloak nonahi izan zituen. Aridanek Osasunara iritsi zen atzelari zalantzatia gogorarazi zuen, Nacho Vidal gainezka eginda egon zen eskuin hegalean, eta Herrerak sareetatik atera behar izan zituen jaurti zizkioten lau baloietatik hiru.

Zauriaren jatorria lehen itzulian dago, gorritxoek etxean Athleticen aurka galdu zuten partidan (1-2). Ordura arte, ligako laugarren defentsarik onena zuten, baina min handia egin zien urte eta erdiren ostean Sadarren galtzeak. Geroztik, ahuldu egin dira nabarmen. Realaren aurka 3-4 galduta amaitu zuten 2019a, eta urte berriari nahiko sendo ekin arren —gol bakarra jaso zuten Celta, Valladolid eta Levanteren aurka—, azken hilabetean guztiz bigundu dira berriro. Hala, gol gehien jaso dutenen artean zortzigarrena da orain Osasuna.

Chimyren ekarpena

Chimy Avilak larriki min hartu ostean hasi da defentsako bolada txarra. Ez da kasualitatea, argentinarrak ekarpen handia egiten baitzuen. Nafarrek oso goian egiten dute presio, lerroak aurreratuta, eta apustu hori balekoa izan dadin, funtsezkoa da aurrelarien kemena eta ahalegina. Bada, alor horretan, ez dauka parekorik Avilak. Baloia berak berreskuratzen ez zuenetan, beste taldekide batek bere egitea errazten zuen. Edo, bestela, aurkariak luze jokatzera behartzen zituen. Orain, bestelako ezaugarriak dituzten aurrelariekin dihardu Osasunak, eta lehen lerroaren presioa ez da horren eraginkorra.

Zelai-erdian izan diren lesioek ere ez dute batere lagundu. Adibidez, Oierrek ezin izan zuen jokatu Realaren, Vila-realen eta Real Madrilen aurka. Moncayolak, berriz, azken bi partidak galdu ditu. Eta atzeko lerroan, erizaindegitik atera ezinik dabil Raul Navas. Titular izateko iritsi zen Iruñera, baina bost lehia baino ez ditu jokatu.

Horiek hala, zirujau lana egin beharra dauka Arrasatek. Bost defentsako sistema usuago erabiltzea izan daiteke sendagaietako bat, San Mamesen ikusitakoaren ondotik. Eta lauko defentsari eustekotan, titular gisa finkatu beharko luke Unai Garcia. Eta eskuin hegalean, Roncagliarekin proba egin lezake. Halabeharrez egin beharko du hori gaur, Sevillaren zelaian, Nacho Vidal min hartuta dagoenez gero.

Athleticen aurka egin bezala, etxetik kanpo eta talde indartsu baten aurka suspertu nahi du Osasunak. Sevillan ez da giro, azkenaldiko emaitzak eta jokoa ez baitira espero bezain onak izan. Hala, gaur zaleak gogobete egin nahi ditu Julen Lopetegiren taldeak. Hori eragozten saiatuko da Osasuna, salbaziora gehiago hurbildu, eta, bide batez, Sanchez Pizjuaneko bolada makurra apurtzeko. Izan ere, han jokatu dituen azken hamar partidetatik bat berdindu eta bederatzi galdu ditu. Ez da erronka makala.

SEVILLA-OSASUNA
Sevilla. Vaclik; Jesus Navas, Diego Carlos, Kounde, Reguilon; Fernando, Gudelj, Oliver, Ocampos, Suso; eta De Jong.
Osasuna.Sergio Herrera; Roncaglia, Aridane, Unai Garcia, Estupiñan; Oier, Brasanac, Iñigo Perez, Torres, Ruben Garcia; eta Gallego.
Epailea. Del Cerro Grande
Lekua. Ramon Sanchez Pizjuan (43.883 ikusle).
Ordua. 12:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.