Hamabigarrenean ote?

Athleticek irabazi beharra du gaur Getaferen aurka, lehortea eten eta konfiantza hartzeko. Jaitsiera postuetan dago talde zuri-gorria

Mikel San Jose Athelticekoa Santiago Arias Atletico Madrilekoarekin lehian, ligako azken partidan. J. J. GUILLEN / EFE.
haritz gallastegi
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Hamaika partida irabazi barik egotea ez da ohikoa futbolari baten kirol ibilbidean». Mikel San Jose Athleticeko jokalariak esana da, eta egia biribila. Talderik txarrenek ere lantzean behin garaipenen bat edo beste lortzen dute. Horrenbestez, Athleticen dinamika maila galduko duen talde batena da. Txapelketaren lehen herenean aurkari bakar bat mendean hartzeko gai izan ez den talde batek etorkizun txikia izan beharko lukeelako onenen artean. Getaferen aurkako gaurko emaitzaren zain, jaisteko postuetan dira zuri-gorriak.

Baina talde baten gaitasuna aztertzeko, emaitzez gain beste gauza asko hartu behar dira aintzat. Talde zuri-gorriak badauka gaia orain arteko ibilbide okerra zuzendu eta sailkapenean erosoago egoteko. Baina hori zelaian erakutsi behar da. «Aurrerapauso bat eman behar dugu, eta nolako taldea garen erakutsi behar dugu. Nortasuna eta grina izen behar dugu horretarako», adierazi zuen atzo Eduardo Berizzo entrenatzaileak.

Orain arte ez du erakutsi. Irabazi dituen puntuak dira merezi izan dituenak. Berdinketa asko lortu ditu: zazpi. Bi gauza erakusten ditu horrek. Batetik, ez dela samurra zuri-gorriak mendean hartzea; baina, bestetik, aukerak sortzeko eta emaitzei eusteko gabezia duela.

Berizzori kale egin dio A planak. Bilbora iritsi zenean proposatu zuen jokoa egiteko lehengaia falta zaio. Maila ona erakutsi duten futbolari gehienen ezaugarriak ez datoz bat proposatzen duen jokamoldearekin. Berizzo ere konturatu da.

Hala, taldearen kokapena ez du ukitu, baina hasieran Dani Garcia, Muniain eta Unai Lopez aritzen ziren lekuan San Josek, Beñatek eta Muniainek jokatuko dute gaurko partidan. Horren ondorioz, taldearen jokatzeko era ere aldatu egingo da. Athleticek indar gehiago du zelai erdian orain, eta horrek talde sendoagoren itxura ematen dio. Baina oraingoz ez da nahikoa izan, emaitzak antzekoak izan baitira jokalari batzuekin zein besteekin. Gaur, gainera, ez da espero zelai erdian baloia hartu eta agintzeko asmoa izango duen aurkaria. Getafek bestelako jokoa egiten du. Jose Bordalasen lehen agindua atea ondo zaintzea da. Horretarako prestatu du taldea, eta jokalariak bat egin dute entrenatzailearen mezuarekin. Talde langilea eta borrokalaria da, falten bidez jokoa eteteko arazorik ez duena. Gainera, txukun jarduten duten jokalariak ditu aurrean, eta aukera dutenean asmatzen ari dira. Bada, gisa horretako taldeen aurka sufritzen du gehien Athleticek Gaur Yuriren hutsunea izango du Ezker hegaleko atzelaria zigortuta dago, eta Balentziagak beteko du bere lekua. Aurrean, Susaetaren, Adurizen eta Raul Garciaren artean bi aukeratu beharko ditu entrenatzaileak.

ATHLETIC-GETAFE

Athletic.Herrerin; De Marcos, Nuñez, Iñigo M., Balentziaga; San Jose, Beñat, Muniain; Susaeta, Williams eta Raul Garcia.

Getafe. Soria; Damian, Cabrera, Djene, Antunes; Amath, Arambarri, Maksimovic Portillo; Molina eta Angel.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 12:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.