Espero gabe, buelta

12-20 galtzen aritu eta gero, Olaizolak eta Albisuk 22-21 irabazi diete Urrutikoetxeari eta Aretxabaletari. Urruti oso ondo aritu da
Urrutikoetxea eta Olaizola, nor baino nor gehiago, atzoko partidan.
Urrutikoetxea eta Olaizola, nor baino nor gehiago, atzoko partidan. IÑIGO URIZ / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko azaroak 25
«12-20 galtzen ari ginela, Jon Anderrekin hitz egin dut, lasai egon behar genuela, lanean jarraitu eta ahalik eta tanto gehiena egin». Aimar Olaizola sinetsi ezinda mintzatu zen atzo Albisurekin batera Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren aurka 22-21 irabazi ostean. Ez da gutxiagorako. Izan ere, 12-20 galtzen aritu eta gero, partida iraultzea lortu zuten, ezustean. Ordura arte oso lan ona egiten ari ziren galtzaileak. Olaizola eta Albisu, berriz, deseroso zeuden. Baina azken tantoa egin arte ez da partida amaitzen. Are gutxiago Olaizola tartean dagoenean. Goizuetakoak makina bat alditan eman izan die buelta halako partidei, eta atzo beste behin lortu zuen. Azken tantoa Aretxabaletak huts egin zuen, pilota gora bidalita.

Gutxik espero zuten halako buelta bat. Izan ere, 12 eta 20ra arte Urrutikoetxea eta Aretxabaleta nagusi izan ziren. Hasieratik, gainera. Urrutikoetxeari lehen tantoetatik ikusi zitzaion kolpe bizi eta onarekin, sasoirik onena berreskuratzeko bidean dela erakutsiz. Horrek ziurtasuna eman zion Aretxabaletari, eta ondo eutsi zion Albisuren kolpeari.

Hala, lehen tantoetan irabazleak ezin ziren ondo aritu. Lehen lau tantoak beraiek galdu zituzten, eta partidako lehen aldea lortu zuten Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak: 2-6. Urrutikoetxeak erraztasun handiz amaitzen zituen tantoak, ezker gantxoz ale ikusgarriak egin zituen, eta pilota asko kendu zion Aretxabaletari. Olaizola saiatu zen partidan sartzen, baina airez ezin asmatu zebilen. Hori baliatu zuten bizkaitarrek tantoz tanto errenta handitzeko. Lortu ahala, gero eta konfiantza handiagoz ikusi zitzaien.

11 tantokoa izan zen Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak partidan izandako errentarik handiena: 7-18. Lau tanto egin zituzten jarraian Olaizolak eta Albisuk, eta 11-19ra gerturatu ziren.

Hogeigarrena egin zuten Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak, eta hortik aurrera aldatu zen dena. Partida galdua zutela, jokoan sartzen eta asmatzen hasi ziren Olaizola eta Albisu, eta pixkanaka aldea gutxituz. Ordura arte egin ezinik aritu zen gantxo eta erremateak sartu egin zitzaizkion Olaizolari, eta, Aretxabaletak behera egin zuela baliatuz, nagusituz joan zen Albisu. Hala, bederatzi tanto egin zituzten erreskadan, eta partida berdindu. Azken tantoan erabaki zen partida, eta zoria Olaizolaren eta Albisuren alde irten zen. Hala, txapelketako lehen puntua lortu zuen gehienen ahotan faborito den bikoteak. Norgehiagokak 77 minutu iraun zuen, eta 572 pilotakada jo zituzten.

Herenegun hasi zen txapelketa Amezketan, eta Jokin Altunak ez zuen huts egin etxean. Martijarekin batera, 22-19 hartu zituzten mendean Ezkurdia eta Galartza. Partida luzea eta gogorra izan zen. 80 minutu iraun zuen, eta 751 pilotakada jo zituzten. Gaur, Bergaran, Elezkano II.a-Rezusta eta Irribarria-Zabaleta ariko dira nor baino nor gehiago. Tolosan amaituko da bihar jardunaldia Bengoetxea-Imaz / Artola-Mariezkurrena partidarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna