Loinatz jaiak Beasainen

Festaren bigarren itzulia

Emakumeen futbola sustatzeko txapelketa bat egingo dute Beasaingo Loinatz jaien bigarren astean. Beti Bizi elkarteak aitortza egingo dio Mikel Aiestaran kazetariari: berak jasoko du Urrezko Barea

Larunbatean, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa egingo dute. Irudian, iazkoa. IÑAKI GURRUTXAGA / GOIERRIKO HITZA.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ilargiak ekainera atzeratu ditu aurten Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatz jaiak. Joan den ostiralean abiatu zen festa, Ane Etxezarreta Realeko jokalariak suziria piztearekin batera. Orduan, Etxezarretak berdintasunaren aldeko oihuekin amaitu zuen hitzaldia, «gozatu eta utzi gozatzen». Asteburu luzearen ondoren, asteartean amaitu zen festen lehen itzulia, baina bihar ekingo diote berriz ospakizunari. Aldarrikapenek ere bere horretan jarraituko dute bigarren asteburuan: egun morea izango dute bihar, eta Goierri Gorri klubakBerdintasunaren Aldeko Haur Kategoriako Nesken I. Futbol Txapelketa antolatu du larunbat eta iganderako.

Lamiak batukada taldearen batukada feministak jarriko dio erritmoa biharko egunari, eta musika emanaldiak izango dira egun osoan: R ke R elektrotxarangarekin arratsaldean, eta kontzertuekin gauean, plazan zein txosnetan.

Larunbat goizean hasiko da berdintasunaren aldeko futbol txapelketaren lehenengo fasea, Beasaingo Loinatz, Lazkaoko (Gipuzkoa) Harizti Haundi eta Ordiziako (Gipuzkoa) Altamira zelaietan. Inguruko emakumezko futbolariak elkartzen dituen Goierri Gorri klubak antolatu du. Herrietako taldeetan jokatzen zuten emakumeak elkartuta, Goierri Gorrik maila guztietan tokia izatea lortu du, eta hirugarren denboraldia amaitzen ari da dagoeneko. Denera, 260 jokalari inguruk osatzen dute futbol kluba. 33 aritzen dira eskolan: kimu mailako hiru talde dituzte, haurren mailako lau eta kadeteko hiru. Horiek dira multzorik handi eta indartsuenak; goiko kategorietan, bi senior talde dituzte.

Txapelketaren egun handia, ordea, igandea izango da. Loinatz futbol zelaian jokatuko dira finalak, 10:00etatik aurrera. Euskal Herri osoko hamabost talde ariko dira lehian, emakumezko futbolari bultzada emateko helburuarekin. Antolatzeko, herriz herri aritu dira lanean Goierrin, klubaren sarea zabaldu eta hura indartzeko.

Arrittari omenaldia

Herri kirolen jaialdia ez da berria Beasaingo jaietan, baina aurtengoa berezia izango da, Iñaki Muxika Arritta-ren omenez antolatu baitute. Iazko maiatzean hil zen Muxika, jaietako herri kirolen jaialdiaz gozatu eta astebetera. Gaztetan herri kiroletan aritua zen, eta azken hamarkadetan Loinatz jaietako herri kirolen saioak antolatzen aritu zen, Iñaki Azurmendi aizkolaria eta Andoni Sarriegi lagun zituela.

Muxika ezaguna zen herrian, herri kirol saioez gain beste hainbat egitasmotan ere parte hartu izan zuelako. San Martin irudiaren santua eraman izan zuen urte askoan, hari aitak lekukoa pasatu zion moduan, Arrittak semeari pasatu zion arte. Gainera, herriko haurrek ere ondo ezagutzen zuten, Olentzero izan baitzen han urte askoan.

Beti Bizi elkarteak Beasaingo jaietako ezinbesteko beste zati bat betetzen du. Beasain jaietan urtekaria argitaratzen du Beti Bizik: herriko txokoren bat izaten du azalean, eta aurten CAF enpresako atezaindegiko eraikina jarri dute, eraitsi egin behar dutelako. Urtekariarekin batera, pin bat banatzen diete erosleei: bare bat aterki batekin.

Nazioarteko Urrezko Barea

Barea da Loinatz jaietako pertsonaia, beasaindarrei bare esaten dietelako, eta Beti Bizi elkarteak Urrezko Barea saria eman ohi du, pertsona baten lana aitortzeko. Aurten, «nazioarteko herritar bati» emango diote saria: Mikel Aiestaran kazetariari. Urteak daramatza nazioartean lanean, eta hainbat sari jaso ditu: 2015. urtean, Euskal Kazetaritza saria jaso zuen; Manu Leguineche katedra eman zioten 2017. urtean, eta, iaz, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Ignacio Ellakuria kazetaritza saria jaso zuen.

Beti Bizi elkarteko kideen hitzetan, Aiestaranek aitortza jasotzeko «baldintza guztiak betetzen ditu», eta haien ustean «orain da garaia» nazioarteko kazetaritzan egiten duen lana herrian ere saritzeko.

Elkartekoak 1979an hasi ziren Urrezko Barea banatzen, eta orain arte aitortza egin diete, besteak beste, Paco Etxeberria auzi mediku eta ikertzaileari eta Karlos Argiñano sukaldariari. Saria urtero banatzen hasi ziren hasieran, baina orain hiru urtean behin ematen dute; azkena Martin Garmendia herritarrari eman zioten, 2016an.

Aiestaran 1975ean jaio zen, Beasainen, eta 30 urterekin erabaki zuen erredakzioa uztea eta freelance moduan aritzea Ekialde Hurbilean. Israelen Libanoko inbasioaren berri eman zuen 2006an, eta ordutik eskualdean gertatutakoa kontatu du, besteak beste EITBren hedabideetan eta 5W aldizkarian.

Aiestaran Jerusalemen bizi da 2015. urtetik, eta handik ematen du inguruko albisteen berri. Jaietarako, ordea, herrira itzuliko da: bihar jasoko du Urrezko Barea. Gainera, Beti Bizi elkarteak afaria emango die Beasain jaietan aldizkarian iragarkiak jarri edo kolaboratu dutenei. Aurten, gainera, Beasaingo Udalak sarean ikusgai jarri ditu azken 97 urteetako aldizkari guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.