Norabidea aldatzera

Realak, Athleticek eta Alavesek galdu egin zuten etenaldiaren aurreko partidan, eta gaur irabazita ekin nahi diote berriro lehiari. Goiko postuei so daude donostiarrak eta bilbotarrak; zulotik irten nahian gasteiztarrak

Wakaso Mubarak, Mallorcaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Luzeak egin zaizkie azken bi asteak Realari, Athletici eta Alavesi. Selekzioen partidek eragindako etenaldiaren aurreko azkeneko neurketan esku hutsik geratu ziren hirurak, eta aho zapore mingots hori kentzen saiatu nahi dute gaur jokatuko dituzten partidetan. Etxean ariko dira denak; Realak Betis hartuko du, Athleticek, Valladolid, eta Alavesek, Celta.

Gasteiztarrak izango dira lehenak lehiari ekiten, 12:00etan. Zortzi punturekin, jaisteko postuen kinkan dabil Alaves, eta premiazkoa zaio puntuak hirunaka pilatzen hastea. Asier Garitanok entrenatutako taldeak galdu egin ditu ligan jokatutako azken bost partidetatik lau; Mallorcaren aurkakoa soilik irabazi du. Alavesen tankeran iritsiko da Celta aurkaria; galiziarrek puntu bat gehiago dute sailkapenean.

Tomas Pina eta Rodrigo Ely min hartuta daude, eta Bergarako entrenatzaileak ezingo ditu haiek zelairatu. Garitanok azaldu duenez, Burgui ere ez dago jokatzeko moduan, eta ez da ariko Celtaren aurka. Fernando Pachechok, min hartu ondoren osatuta, berriro joka lezake.

Alavesen neurketa amaitu bezain pronto hasiko da Realarena, 14:00etan. Porrot mingarria pairatu zuten donostiarrek azken jardunaldian, Getafek azken unean eraman baitzituen hiru puntuak Anoetatik, markagailua irauli ostean. Aurrez, Sevillan (Espainia) galdu zuten txuri-urdinek. Azken bi neurketatan esku hutsik geratu arren, baina, Europako postuetara begira dago Reala, eta etxean jokatuko du bigarren aldiz segidan. Hori baliatu nahi dute Imanol Alguacilenek bide onera itzultzeko.

Betis aurkariaren aldean ondo hasi du liga Realak. Lau puntu gehiago ditu sailkapenean. Espainiarrek ez dute liga nahi bezain ondo hasi, Joan Francesc Ferrer Rubi beren prestatzaileak asteon adierazi bezala, eta Donostian jo nahi dute kolpea. Lantegi zaila du hori, aurrekariei begiratuz gero bederen; azken hamabost urteetan ez dute Anoetan irabazi.

Itxura guztien arabera, taldean aldaketak egin beharko ditu Imanolek, bereziki, atzeko lerroan. Entrenatzaile oriotarrak ostiraleko entrenamenduaren ostean azaldu zuen Aritz Elustondok arazo fisikoak dituela, eta hala, ez du gaurko neurketarako deialdian sartu. Diego Llorentek ere ezingo du jokatu, txartel gorria ikusi baitzuen Getaferen aurkako neurketan. Aldiz, Modibo Sagnanek lehen aldiz jokatzeko aukera izango du.

Athletic, suspertu nahian

Athletic izango da gaur ariko diren euskal taldeetatik jokatzen azkena, 18:30ean. Gaizka Garitanoren taldea zazpigarren dago sailkapenean, eta bi puntura du gaurko aurkaria, Valladolid. Bien arteko zuloa handitzea du xede Athleticek, baina, horretarako, hobetu egin beharko du azken jardunaldietan emandako itxura: puntu bakarra lortu dute azken hiru jardunaldietan.

Zelai erditik aurrera estu dabil Athletic; lanak ditu jokoa sortzeko, eta egoera hori iraultzea gako izango du puntuak hirunaka biltzen hasteko. Horretarako leku egokia da San Mames; etxetik kanpo erakutsi ez duen sendotasunarekin aritu da etxean, nahiz eta Bilbon jokatutako azken partidan galdu egin zuen Valentziaren aurka.

Ohiko hamaikakoarekin zelairatzeko moduan izango da Garitano. Halaber, Ibai Gomez eta Oscar De Marcos osatu dira, eta jokatzeko prest daude. Ez, ordea, Yuri Berchiche eta Gorka Guruzeta. Biek harmailatik ikusiko dute taldekideen lehia; zalantzak uxatu eta norabidea zuzentzeko baliatu nahi du Athleticek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.