Elkarrekin bukaerara arte

Sailkapenaren behealdean dago Eibar, baina Mikel Arruabarrenak eta Joseba Combarrok uste dute taldea irtengo dela hortik. Biek konfiantza dute Jose Luis Mendilibarren lanean.

Jose Luis Mendilibar aginduak ematen, denboraldi honetako partida batean. DAVID AGUILAR / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Denok batera. Horrela dio, gaurtik hasi eta sasoia amaitu arte, Eibarrek elastikoaren aurreko aldean eramango duen lemak. Bakarrik joanda gauzak azkarrago egiten omen dira, baina elkarrekin urrutiago iristen dela diote. Bigarren bide hori hartu, eta beste denboraldi batez mailari eutsi nahi diote gipuzkoarrek.

Iristea zenbat kostatzen den ondo baino hobeto daki Mikel Arruabarrena (Tolosa, Gipuzkoa, 198) Eibarreko kapitain izandakoak. Eibar egiten ari dena «handia» dela uste du, eta, bolada txar bat pasatzen ari bada ere, mailari eusteko gai ikusten du taldea: «Lehen Mailan jokatzea amets bat da Eibarrentzat, eta amets hau ahalik eta gehien luzatu beharra daukagu. Ni konbentzituta nago beste sasoi batez onenen artean egongo dela taldea. Baina bolada hau aprobetxatu beharra daukagu, jakinik egunen batean amaitu egingo dela».

Garai zail hauetan, Joseba Combarrok (1982, Eibar, Gipuzkoa), Eskozia la Brava taldeko beste partaideekin batera, eibartarrei balkoietan banderak jartzeko deia egin die, taldea laguntzeko helburuz. Ez da estreinako aldia Eibar kolore gorriz eta urdinez janzten dena. Taldea Bigarren B Mailan zenean ere, herritarrek banderak jarri zituzten, eta horrek zorte ona eman zion. Taldea laguntzeko asmoz, eta ligari amaiera on bat emateko xedez, aurten ere banderak Eibarko balkoietatik zintzilik daude: «Zelaian egon ez arren, orain zaleok taldea lagundu beharra daukagu.Gure babesa dutela erakutsi nahi diegu jokalariei».

Beste sasoi batzuetan baino talde apalagoa izan eta fitxaketek espero baino gutxiago eman arren, biek ala biek sinesten dute jokalariengan eta entrenatzailearengan. «Klubaren eta jokalarien inguruan duen ezagutzagatik, horrelako egoeretan duen esperientziagatik eta taldea eramateko duen gaitasunarengatik», ziur daude Jose Luis Mendilibar dela egoerari buelta emateko teknikaririk egokiena. «Osasunak antzeko egoera bat bizi izan zuen denboraldi hasieran Jagoba Arrasaterekin. Ez zuten etsi, plan berberarekin jarraitu zuten, eta begira non dauden orain. Eibarrek Mendilibarrekin berdin egin beharko lukeela uste dut», dio Arruabarrenak. Orain arteko jokamolde berberarekin jarraitu behar duela ere argi dauka: «Eibarrek bere estiloa dauka, eta jokatzeko era horrengatik dago hor. Aldatuz gero, arazo gehiago izango ditu. Gainera, jokalari askok denbora dezente daramate klubean, eta begiak itxita joka dezakete estilo horretan. Gauza da ez dela zorterik izaten ari gola sartzerako orduan, eta hutsegiteak Lehen Mailan oso garesti ordaintzen dira». Aste honetan bertan, JonAnder Ulazia kontseilariak babes osoa azaldu dio teknikariari. Mendilibar «eskertuta» azaldu zen. Baina argi dauka: «Futbolean, emaitzek agintzen dute».

Ipuruako azken bi partidetan, Eskozia la Bravako dozena bat lagun, aurretik klubarekin adostuta eta segurtasun neurriak mantenduz, futbol zelai kanpoan bildu dira taldea animatzeko. Zaleen bultzada izan arren, azken minutuetara Eibar gainerako taldeak baino «grazia» gutxiagoz iristen dela uste du Combarrok: «Jokalari beterano asko ditugu, eta gazteen edo fitxaketa berrien freskotasun hori behar dugu: Aleix Garcia, Muto, bigarren taldeko jokalariak...».

Gaur, Vila-real

Hamabi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko. Egoera ez da ona, baina partida bat irabazita dinamika asko aldatzen dela azpimarratu du Arruabarrenak: «Nik uste dut hiru talde okerrago izango direla. Baina oso garrantzitsua da ahalik eta azkarren partida bat irabaztea».

Gaur du horretarako lehen aukera. Aurkari zuzenen kontra jokatutako maratoia alde batera utzi, eta beste borroka batzuetan dauden taldeen kontra arituko da Eibar. Gaur, Unai Emeryren Vila-real hartu du Ipuruan. Herrialde Katalanetako taldea astean zeharUkrainan jokatzetik dator Europa ligan, eta Mendilibarren taldea bisitarien neke fisikoaz baliatzen saiatuko da. Min hartuta daude Rober Correa, Bigas eta Muto.

EIBAR-VILA-REAL
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Oliveira, Arbilla, Jose Angel; Pedro Leon, Exposito, Diop, Bryan; Sergi Enrich eta Kike Garcia.
Vila-real. Asenjo; Jaume Costa,Foyth, Funes Mori, Estupiñan;Capoue, Manu Trigueros, Parejo; Gerard Moreno, Moi Gomez eta Bacca.
Epailea. Media Jimenez.
Lekua. Ipurua.
Ordua. 18:30 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.