Bilboko Aste Nagusia

Panelek esaten dutena

Uribarri txosnak irabazi du txosna dekorazio onenaren saria. Orotara, 28 txosna daude aurtengo Aste Nagusian. Askok jaien 40. urteurrena omendu dute

Berrogei urte. Urte guztietako kartelak eta Marijaiaren marrazkia daude Uribarri txosnan.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Gaia aukeratu, panelak zuritu, markatu eta, ondoren, kolorez bete. Behin margotuta, puzzlearen piezak batu eta irudia osatu, dena altueran jarri eta txosna eraiki. Ez da lan makala Bilboko 28 txosnen itxura osatzeko egin beharreko prozesu sortzailea. Itsasadarraren bideari jarraituta, udaletxe paretik hasi eta Arriaga antzokiaren atzeraino kolorez beteta dago Bilboko Areatza.

Udaletxeko zubitik abiatuta, lehen pausoak emanda agertzen dira lehen txosnak. Zuri-gorria da Txomin Barullo, eta, aurten, nola ez, «40 urte» erraldoi bat da txosnaren protagonista. Borroka feministari eta pentsiodunei ere tokitxo bat egin diete paneletan. Alboan dute Mamiki emakumeen konpartsa, «Gora Borroka Feminista» itzel batekin. Argentinako abortuaren aldeko borrokari omenaldi txiki bat ere egin nahi izan diote: barra azpiko paneletan zapi berdea irudikatu dute. Baina, zeresana eman izan duen txosnarik badago, hori Hontzak da. Joan den urtean hasitako ika-mikan oinarritu dute euren dekorazioa. Poliziaz jantzitako txakur erraldoia jarri dute eta azpian leloa: «Errua ez da txakurrena, euren jabeena baizik». Iazko jaietan Eliza hartu zuten gai nagusi, eta komunitate katolikoaren aurka jotzea leporatu zieten. Hori dela eta, Ertzaintza joan zitzaien apaingarrien zati bat kentzera. Zeresana eman zuen gertakariak, eta ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia.

Hontzak eta euren gorabeherak atzean utzita, bitan banatzen da ibilbidea ondoren: itsasadarraren alboan jarraituta, txosna ilara luze bat dago; ezkerreko bidean, ordea, Triangunea osatzen duten hiru txosnak. Bigarren bidea hartuta, Bizizaleak da lehenbizikoa. Borroka ekologistaren bilakaerairudikatu nahi izan dute, margoak eta pintzelak gordeta, txosnako panelak kartelez hornituz: Lemoiz, nuklearrak, AHTa... askotarikoak dira taldeak martxan jarritako lanketak. Horiek guztiak daude hondo berdearen gainean itsatsita.

Areatzan aurrera eginda, zuhaitz eta jai giro artean, San Nikolas eliza ageri da, eta haren inguruan beste txosna sorta bat. Hor dago Komantxe. 10. urteurrena izaki, dekorazio «postapokaliptiko» gisa deskribatu dute iruditegia. « Asmoa izan da zibilizazioaren suntsipenaren ostean bizirik irauten duen natura irudikatzea. Gizakirik ez dagoenean, Ama Lurrak bizirik iraungo du», esan du Andrea konpartsakideak. Komantxetik oso hurbil dago aurtengo txosna dekorazioaren irabazlea: Uribarri konpartsak jaso du 2018ko Aste Nagusiko Kanpaia —sari hori jaso du—. Lehen Aste Nagusitik dagoen zortzi konpartsetako bat izanik, urteurrena dute gai nagusi.

Areatza alboz albo gurutzatuta badira itsasadarraren bidean dauden beste zenbait txosna deigarri. Horietako bat da Eguzkizaleak-en txosna.«Izan zaitez heroia eta ezabatu munduko lohia» dioen kartel erraldoia jarri dute eta komiki bat irakur daiteke istorioa ulertzeko. «Superheroiak da aurtengo gaia. Planet kapitainaren istorioa oinarri, gizartea eraldatzeko ezinbestekoak deritzogun bost indar irudikatu ditugu: ura, bihotza, lurra, haizea eta sua», azaldu du Jon Uriarte konpartsako kideak. «Saiatu gara irudikatzen jaietan ere bizi ahal garela gaur egungo eredutik kanpo, dekorazioan zein barne funtzionamenduan», gehitu du Iker Legarrak. Oso hurbil dago bozketa bidez dekoraziorik eskasena duela erabaki duten txosna: Satorrak. «Herriaren erabakiaren kontra ezin da ezer egin. Gu harro gaude egindako lanaz», adierazi du Ainhoa Arana konpartsako kideak. 40 urte betetzen dituzten konpartsak omentzen ahalegindu dira, konpartsakideak jai giroan murgilduta irudikatuz. Hala ere, badirudi euren asmoa eta lorturiko emaitza ez datozela bat.

Aldarri komunak

Jakina da konpartsek txosnen irudia baliatzen dutela aldarriak zabaltzeko, eta batzuk errepikatu egiten dira. Denek egin diote keinu Euskaraldiari, eta gehiengo handi batek borroka feministari. Askotan ageri dira baita euskal presoen aldeko apaingarriak ere, eta azken urteko zenbait gertakariren aipamenak ere: Altsasuko gazteen aurpegiak irudikatu dituzte Kaskagorri, Pa...Ya! eta Kaixo konpartsek osatzen duten gunearen hasieran egindako muralean; Iruñeko Maravillas gaztetxeari babesa adierazi diete Eguzkizaleak eta Komantxek, euren paneletan «Maravillas herriarentzat» jarrita.

MTV sarien aurka agertu dira beste hainbat, eta pentsiodunen eta Kataluniaren aldeko zenbait irudi ere ikus daitezke. 40. urteurrena izan da txosnen dekorazioaren izarra: urte guztietako kartelak, 40 erraldoiak eta jaien bilakaeraren irudikapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.