Txema Garcia-Viana eta Aritz Gorrotxategi, Irun Hiria saridunak

Garcia-Viana 36ko gerran kokatutako 'Pentaedroa' nobelagatik saritu dute. Gorrotxategi, ohiko kezkak ageri dituen. Amua' poema sortagatik

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko irailak 15
Txema Garcia-Vianaren (Donostia, 1963) Pentaedroa nobela eta Aritz Gorrotxategiren (Donostia, 1975) Amua poema bilduma saritu dituzte XLIII. Irun Hiria Kutxa literatur sariketan. Garcia-Viana Kartxi gustura zegoen atzo bertan jakinarazi zioten sariarekin: «Sari handia da. Hasteko, ekonomikoki. Baina ez naiz ari alde ekonomikoaz bakarrik. Sari honek nolabaiteko aitortza ere suposatzen du hainbeste eskatu didan lan honentzat».

Aspaldi hasi omen zen Pentaedroa idazten. «Idazten hasi, utzi, berriz heldu idazketari... horrela ibili naiz». Ia laurehun orrialdeko eleberri bat da ibileron emaitza. 36ko gerran kokatu du, eta errepublikazalez osatutako antzerki talde baten bizipenak ditu ardatz: beren herrira faxistak sartzean, antzerki talde horretako kideak sakabanatu egiten dira, eta bakoitzaren ibilbidea kontatzen du. «Lehen irakurketan, abentura nobela bat da. Badu, baina, bigarren irakurketa bat ere, eta uste dut hori ikusi duela epaimahaiak», idazlearen aburuz. Horrexek gogobete omen du gehien; izan ere, bigarren irakurketa horretan, buruan aspalditik dituen hainbat kezka eta gogoeta daude: «Gerra beti iruditu izan zait izugarria, eta izugarrikeria horren lekuko eta parte izandako pertsonak sortzen dituela uste dut. Toki guztietan. Halabeharraz, ausardiaz eta manikeismoaz ere ari naiz nobelan».

Bigarren irakurketa hori ere ikusi duen epaimahaiko kideak hauek izan dira: Felipe Juaristi, Jon Martin Etxebeste, Jon Kortazar, Arantxa Urretabizkaia eta Joxemari Iturralde. 25.000 euro eta garaikurra jasoko ditu Garcia-Vianak. Hau ez du, nolanahi ere, ez lehen eleberria, ez lehen saria ere: Euskaltzaindia saria jaso zuen, esate baterako, Arkitektoa (2007) lanagatik. Ordurako emanak zituen Sei lore (2001, Susa) eta Triangulo hautsia (1998, Alberdania) nobelak. Landu izan ditu, baita ere, narrazioa —Bi ipuin harrigarri (Elkar, 1999)—, poesia —Ihesi (Susa, 1986)— eta haur eta gazte literatura —Balatza, tximistaren alaba (Alberdania, 2000)—.

Aritz Gorrotxategi ere (Donostia, 1975), Garcia-Viana bezala, pozik mintzatu zitzaion egunkari honi atzo, lehen balorazioa eskatutakoan: «Sariak hartzea beti da pozgarria. Batez ere, nire kasuan bezala, bizimodua idaztetik eta testugintzatik atera nahi baduzu. Eta, batez ere, seme-alaba asko badituzu».

Hau ez du lehen Irun Hiria saria, hala ere. Generoa aldatu da: aurten poesia atalean saritu dute, eta 2000. urtean, bere lehen eleberria, Kafkaren labankada. Iñaki Aldekoak, Lourdes Otaegik eta Itxaro Bordak osatutako epaimahaiak egin du saridun Gorrotxategiren Amua poema liburua. 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu. «Ohiko kezkak» agertzen ditu bertan, idazleak berak nabarmendu duenez. «Baina badago, halaber, kezka sozialerako joera bat, baita itsasoaren eta Mediterraneoaren presentzia ere. Estilo aldetik, badago berrikuntzarik. Poemak biziagoak dira erritmo aldetik, eta ironiaz beteagoak daude aurrekoen aldean. Sakontasunaren eta arintasunaren artean oreka bilatzen saiatu naiz».

Kafkaren labankada argitaratu zuenetik, hainbat liburu emateko eta sariak jasotzeko aukera izan du Gorrotxategik. Donostia Hiria saria eman zioten 2016an, besteak beste, Zer egingo dugu orain opariekin? ipuin bildumagatik. Ahazten diren gauzak (Erein, 2018) narrazio sorta du orain artean argitaratu duen azken liburua. Taxi bat Hamlet-entzat (Hiria, 2002), Zaldi hustuak (Erein, 2007) eta Hariaz beste (Erein, 2011) poesia lanak emanak ditu, eta Balea Zuria poesia argitaletxearen sortzaileetako bat ere bada.

39 lan euskaraz

Irun Hiria Kutxa eleberri eta poesia sariak bi urtean behin banatzen dira, eta gaztelaniazko eta euskarazko lanak saritzen dituzte. 2017an, Maixa Zugastik eta Asier Serranok irabazi zituzten, L.A.A. (Erein, 2018) nobelarekin eta Denen mina da nirea (Algaida, 2017) poema bildumarekin, hurrenez hurren. Aurtengoan inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira sariketara, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Euskarazko eleberrien atalean, hogei lan aurkeztu dira —duela bi urte baino bi gehiago—; gaztelerazkoan, berriz, 294 —64 gehiago—. Euskarazko poesian, berriz, hemeretzi lan jaso dituzte —2017an baino hiru gehiago—, eta 239 erdarazkoan —53 gehiago—. Gaztelaniaz, eleberrigintzaren atalean, Paula Lapidoren (Madril, 1975) Los que alcanzan la orilla saritu dute; poesiagintzan, berriz, Carlos Juarez Aldazabalen (Salto, Argentina, 1974) Mauritania no es un país con nieve.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna