ATZEKOZ AURRERA. Ainize Butron. Euskal Monetako langilea

«Aproposak dira Baionako bestak harremanetarako eta eztabaidarako; besta da!»

Bestak txikitatik egiten ditu, eta euskoaren aldeko pedagogia lana egiteko baliatzen ditu azken urte hauetan, baina besta egitea ahantzi gabe.
NORA ARBELBIDE LETE

Nora Arbelbide Lete -

2018ko uztailak 29
Txosnagune ondoan, Patxoki parean dago egun guztiz Euskal Monetaren erakusmahaian Ainize Butron (Baiona, 1974). Azken hiru urte hauetan, Euskal Monetan ari da lanean, luzaz Gara egunkarian kazetari aritu ondoren. Baionesa da, bihotz-bihotzetik, eta Baionako bestak ezin huts eginak zaizkio aspalditik. Baita lanean ari delarik ere.

Euskoaren mahaitxo bat bestetan, zergatik?

Baionan, 50 ostatuk eta jatetxek baino gehiagok hartzen dute euskoa.

Sakelan euskoak bakarrik izanik egin daitezke bestak, beraz?

Bai! Euskoa hartzen duten lekuetan, poteoa egin daiteke. Giro ezin hobea aurkituko da, segur! Eta, bestalde, Baionako bestak informatzeko leku paregabea dira. Jende anitz baita. Nahiz eta euskoa ezaguna den, proiektua bera ezagutarazteko lan pedagogiko asko egin behar da. Euskoa dirua da, bai, baina dirua baino gehiago ere bada. Tokiko ekonomian eragina badu, eta ematen du aukera Euskal Herri ekologikoago, sozialago eta euskaldunago bat bultzatzeko.

Zer aurkitzen duzu Baionako bestetan beste inon aurkitzen ez duzuna?

Nire herria da, eta, beraz, niretzat, nire herriko bestak dira. Baionako jendea, zein beste leku anitzetakoa berrikusten dut hemen. Giro berezia sortzen da guztion artean. Memento goxoak bizi ditzakegu. Aproposak dira Baionako bestak harremanetarako, eztabaidarako; besta da! Garai horietan irekitzen da horrelako parentesi bat, non beste bizi mota bat sortzen den. Gehiago bizi gara kalean, kanpoari begira. Eta usaian ibiltzen ez naizen ostatuetan ere ibiltzen naiz bestetan.

Zer gomendatuko zenioke lehen aldiz bestetara heldu den euskaldun bati?

Bera banintz, eguerdietan etorriko nintzateke, girotzeko. Bada kantua eta musika kaleetan zehar, ostatuetan. Badira frango ostatuz ostatu kantuz ibiltzen direnak, gehienbat larunbat eta igandeetan. Oso polita da. Gaueko giroan sartzeko, Patxokin, Kalostrapen edo txosnagunean. Hortik kanpo, Baiona ez badu ezagutzen, ez badaki frantsesez, baliteke giro bitxiak aurkitzea. Leku batzuetan, giro oso frantsesa bada. Baina nahi badu soziologia pixka bat egin, peñetara joan daiteke. Euskaldunen karrikara.

Giro frantsesa zer da zuretzat?

Mozkorkeria asko eta dantza gutxiago.

Eta zer gomendatuko zenioke lehen aldia duen kanpotar bati?

Gauza bera. Behintzat, ikus dezan beste giro bat ere badela. Beraiek ere egin dezaten soziologia pixka bat. Nahiko deigarria da, halere, bi giro horiek egotea. Eta ez da Baionaren berezitasuna bakarrik.

Eta, agian, behar da ate bat irekia utzi ezusteari?

Bai, edozein lekutan bezala. Bestela, pixka bat aspergarria litzateke. Beti leku berean jende berberarekin. Besta giroak balio du justu ate hori zabaltzeko, jendeengana joateko eta girotzeko. Eta, batzuetan, gertatzen bada ostatu batera joan eta giroa ez maitatzea, bada, beste batetara zoaz edo karrikan bertan gelditzen zara.

Zer aldatuko zenuke Baionako auzapeza bazina?

Ez dudana jasaten ahal da Baionako besten lehen egunetik bozgorailuetatik kasik bakarrik frantsesa entzutea. Lehen egunean, eguerdiero, gauero... Gero eta zailagoa egiten zait. Kenduko nuke. Eta animazio gehiago sortuko nituzke. Nahiz eta asko aldatu diren bestak azken urte hauetan, batez ere elkarteek bultzaturik. Nik hori bultzatuko nuke.

Eraso sexistak gertatu dira berriz; zer eginen zenuke horiek desagertzeko?

Jendeen mentalitateak aldatu behar dira. Gizartean, berez, bada misoginia, eta, askotan, emazteak dira txarrenak. Askotan, gertatu zait emakumeekin hitz egin, eta, «begira nola janzten diren, normala da bortxatuak izatea» eta antzekoak entzun behar izatea. Zaintza lana ez da egiten emakumeen artean. Beharko litzateke manifestaldi bat egin guztiak minigonetan: «Nahi dudan bezala jantzi nahi dut!» aldarrikatuz. Ez dugu guk gorputza estali behar gizonek ez dutelako beren burua kontrolatzen. Kontrola dezatela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna