ATZEKOZ AURRERA. Beñat Iraola. Diseinatzailea

«Nire ametsa estudio honetan dago; beste lanak osagarriak dira»

Diseinatzailea da Beñat Iraola. Hamaika proiektu ditu esku artean; horietatik ezagunena, Zatzaizkit. Diseinu marka bat da, eta oihartzun handia lortu du sortuz geroztik. Egonkortasuna lortu duela dio.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Nagore Arin.
Hernialde
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Diseinua, sormena eta artea. Hiru kontzeptu garrantzitsu dira Beñat Iraola diseinatzailearentzat (Hernialde, Gipuzkoa, 1993). Zatzaizkit izeneko diseinu marka sortu zuen 2017. urtean. Geroztik, oihartzun handia izan du proiektuak, baina beste hamaika saltsatan ere ari da lanean. Unibertsitateko irakaslea izan da bi urtez, baina uko egin zion jardun horretan segitzeari, hain zuzen, txikia zenetik berezko duen sormenari bide ematen jarraitzeko.

Zatzaizkit diseinu marka dela-eta ezagutzen zaitu jende askok.

2017. urteko uztailean sortu nuen Zatzaizkit, baina hazia lehenago sortu zen, ikasle nintzela. Diseinu ikasketak egin nituen, eta urte batean Italiara joan nintzen, Erasmusera. Han beste diseinu mota bat ezagutu nuen, askoz ere bisualagoa. Beste era bateko diseinuak lantzen hasi nintzen, sentimenduak azaltzeko. Gauza ugari egiten hasi nintzen, eta Bñt Artist izenarekin saltzen nituen. Jendeak esaten zidan papertegi gisa saltzetik harago joan behar nuela, egiten nuen hori jantzi nahi luketela. Inflexio puntu bat izan zen hori. Hala, jauzi bat eman, eta Zatzaizkit marka sortu nuen.

Izena oso esanguratsua da, ezta?

Minimalismo abstraktua deitzen diodan hori transmititu behar zuen markaren izenak. Nik inoiz ez dut deskribatzen sortzen dudan obra, gero bakoitzak harrapatzen diozentzua: diseinu bat abiapuntutzat hartuta munduan adina pertsona deskripzio daude. Halaber, izen euskaldun bat nahi nuen, z eta tz soinuak izango zituena. Zatzaizkit izena bururatu zitzaidan: nor-nori forma bat da, zu-niri. Diseinua izan liteke zu hori.

Bi urte pasatu dira ordutik. Nolako bilakaera izan du proiektuak?

Aldaketa handienetariko bat izan da duela bi urte beste lan baten menpe nengoela, eta, gaur egun, Zatzaizkit proiektu orokorretik bizi naizela. Estrategia aldaketa bat ere egon da: proiektua martxan jarri nuenean, nire anbiziorik handiena proiektua mundu osora zabaltzea zen. Denborarekin konturatu naizerosle profila oso ardaztuta dagoela Euskal Herrian, eta agian nahasten ari nintzela. Diseinu aldetik, ikasi dut euskal kontsumitzaileak zer estilo mota kontsumitzen duen, eta estandar horietara mugatzen naiz. Hala ere, arriskatzea gustatzen zait.

Salmenta eta zifra aldetik, lortu al duzu egonkortasunik?

Lehen bi urteetan beste lan bat ere egiten nuen, proiektua finantzatu ahal izateko; ez nenbilen %100proiektu honetan. Orain, aldiz, %100 nabil. Hasieran beti dago boom txiki bat; gero jaitsi egin zen, eta estandar mantendu da. Hala ere, beti daude ezustekoak: promozioen ondoren, adibidez. Azkenengo lau hilabeetetan bilakaera positiboa izan da; apurka gorantz noa, baina ez da aberasteko modukoa.

Unibertsitateko irakasle lanpostua utzi zenuen proiektuan erabat zentratzeko. Egongo da, akaso, zoratuta zaudela uste duenik.

Master amaierako lanaren ondoren eskaini zidaten lanpostua. Baietz esan nuen, nire proiektua bizirik mantentzeko behar nuelako. Hala ere, banekien aldi baterako zerbait izango zela: nire ametsa Zatzaizkit eta haren deribatuak dira, horretan lan egitea. Gustura eta pozik bizi nahi dut, eta diru gutxiago irabazi behar badut, berdin zait. Egunen batean iristen ez bazait, joango naiz lan bila, baina lan hori proiektua finantzatzeko izango da. Azkenean, nire ametsa estudio honetan dago, eta beste lanak osagarriak dira.

Zein dira deribatu horiek?

Zatzaizkit Atelier, Aldai eta Kuku: serigrafia, packaging deiturikoa eta haurrengan artea eta diseinua sustatzeko proiektuk dira. Beste proiekturen bat ere badago, baina oraindik ezin dut esan.

Zer da zuretzat diseinua?

Dena: denbora librean diseinatu egiten dut, lanean diseinatu egiten dut. Diseinuaz inguratuta bizi naiz. Diseinua, sormena eta artea, hiru horiek ditut zaletasun. Txikitatik izan dut sormenerako joera hori.

Eta zure diseinua?

Minimalista naiz, eta hori erabat iraultzen da nire obretan. Eboluzio txiki bat ere izan dut: Zatzaizkit proiektuak imitatu egiten nau apur bat, baina beste proiektuen bidez gauza berriak probatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.