TXAPELA BURUAN. Beñat Hernandez. Italian bizi den donostiarra

«Harrigarria da ikustea nola ateratzen den kea Etna sumendiaren kraterretik»

Sumendi bat bertatik bertara ikusteko aukerak eraman zuen Hernandez Italiako Sizilia uhartera. Herritarren gidatzeko era «zoroak» harritu du.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Geologo izan nahi du Beñat Hernandezek (Donostia, 1997); hau da, Lurraren egitura eta konposizioa aztertzen dituen zientzian aditu. Atzerrian ikasteko Erasmus programa medio, Italiako Sizilia uhartera heldu zen iazko irailean, geologia graduko laugarren maila bertan egitera. Lehen aukera Txile zuen arren, zerrendako bigarrenari muzin ez egitea erabaki zuen. Izan ere, geologiaren ikuspegitik interesgarria iruditzen zaio uhartea; Europako sumendi aktiborik altuena dauka.

Zerk eraman zintuen Siziliara?

Sizilia aukeren artean ikusi nuenean, berehala lotu nuen hemen dagoen sumendiarekin, Etnarekin. Ikusgarriak dira sumendien argazkiak eta erupziok, baina badirudi urruneko zerbait direla, Euskal Herrian ez daudelako. Etnak egunero ditu eztanda txikiak. Harrigarria da ikustea nola ateratzen den kea sumendiaren kraterretik. Txile zen lehen aukera, baina ez zidaten lekurik eman, eta Cataniara etorri nintzen.

Zergatik zen Txile lehen aukera?

Geologikoki, Andeak daude, eta oso mendi interesgarriak dira. Gainera, banuen jakin-mina Txileko ikasle mugimenduaren jarduna eta bertako egoera politikoa ezagutzeko.

Sei hilabetean Catanian, zerk harritu zaitu gehien?

Bi gauza izan dira: lehena, gauzak orokorrean egiteko duten patxada; bigarrena, gidatzeko era. Hiri barnean autoarekin edo motorrarekin ibiltzea eromena bihur daiteke.

Erasmus bizimodua daramazu?

Erasmus hitza entzuterakoan jendeari burura etortzen zaizkion bi ideia nagusiak dira festa eta unibertsitatean gutxi ikastea. Nik argi nuen ez nentorrela pentsamendu horrekin, eta ahalegindu naiz nire bizimodua Bilbon ala Donostian izan zitekeenaren antzekoa izan zedin. Bertako jendearekin erlazionatu, kultura ezagutu...

Italiako toki batzuetan, gainera, gaztetxe eta okupazio mugimendu indartsua ere badute. Horiek ezagutzeko aukera izan duzu?

Catania hiri handia da; asko hedatzen da Etnaren magalean, eta zenbait auzotara joateko ez dago baliabide asko, autoan ez bada. Garraio publikoaren zerbitzua nahiko eskasa da. Horrela, irailean bertan, hiri erdialdean zegoen gaztetxeetako bat hustu zuten. Nire auzoan zegoen, eta, horregatik, lotura estuagoa izan dut bertako jendearekin. Baina hirian badaude ezagutzen ez ditudan CSO Centro Sociale Occupat gehiago.

Harreman horiek eta beste batzuk sortzeko, italiera ikasi duzu?

Egunerokotasunean erabiltzen saiatuz, uste baino errazago ikasi dut italiera, eta gustuko dut, gainera. Harremana auzoko jendearekineta klasekideekin dut, batik bat.

Zerbaiten falta sumatzen duzu?

Etxekoez eta lagunez harago, Euskal Herriko mendien, olatuen eta eguraldi freskoagoren falta sumatzen dut. Bilboko ikasle bizitzaren egunerokoarena ere bai: lagunak, kaleko mugimendua, militantzia...

Italia, maiz, pizzarekin, pastarekin eta izozkiarekin lotzen da. Egokia da lotura?

Erlazio hori egiten da, eta arrazoirik ez da falta; edonon topa daiteke hiru elikagai horiekin lotutako zerbait. Hemen, Sizilian, eta bereziki Catanian, pasta alla norma da bertako jaki izarra. Halere, elikagai bereizgarri modura, alberjinia dute.

Orain, baina, koronabirusaren agerpenak hankaz gora jarri du herrialdea. Nola bizi duzu ezohiko egoera hori?

Bi aste daramatzagu berrogeialdian; soilik farmaziara ala supermerkatura joan gaitezke, ziurtagiri batekin. Egunero saiatzen naiz albisteak irakurtzen, eta poztu naiz azken egunetan, bai Italian eta baita Euskal Herrian ere, langileriak zenbait enpresatan planto egin izanaz eta enpresa ixtera behartu izanaz.

Ezohiko egoera hau Euskal Herrian bizi nahiko zenuke?

Etxetik urrun egotean beti dituzu etxekoak gogoan, are gehiago egoera honetan, baina nire iritziz askotan errazago kudeatzen dira horrelako kontuak betiko monotoniatik kanpo baldin bagaude. Halere, uste baino hobeto ari naiz eramaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.