TXAPELA BURUAN. Ana Jayone Iarza Perez. Jerusalemen bizi den donostiarra

«Jerusalemgo giroa berezia da: ezin duzu beste inon aurkitu»

Arkitektoa da, eta doktoretza egiten ari da Mendebaldeko Jerusalemen. Israeldarren eta palestinarren arteko egoeran ere interesa du.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
2019ko urritik dago Ana Jayone Iarza Perez arkitektoa (Donostia, 1989) Mendebaldeko Jerusalemen, Israelgo Estatuaren parte den zatian. Ammanen (Jordania) dago orain, pandemiaren kontrako neurriek oporretan harrapatu baitzuten.

Zer dela-eta Jerusalem?

Doktoretza egiten ari naiz, Marie Curie bekari esker. Aukera hori ikusi nuenean, pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela Jerusalemera etortzea, Israelen eta Palestinaren arteko krisiaz gehiago jakiteko.

Diotenez, Israelek antz handiagoa du Mendebaldeko herrialdeekin ingurukoekin baino...

Albisteetan ateratzen dena ez da guztiz egia. Pentsatzen da Tel Aviv oso modernoa dela, jendea diskoteketara joaten dela... eta hala da, baina Jerusalem beste mundu bat da. Ostiral arratsaldean eta larunbat osoan, sabbat-a ospatzen dute, juduen egun sakratua, eta irauten duen bitartean gauza pila bat ezin dira egin: argindarra edo garraio publikoa erabili, adibidez. Zaila da ohiko bizitza egitea, baina beste gauza polit asko daude Jerusalemen: hiria oso ederra da, kultura nahasketa dago... Gauza harrigarriak ikus ditzakezu.

Adibidez?

Hara joan nintzenean, moja batzuekin bizitzen hasi nintzen, musulmanen gunetik gertu. Alde batean, juduak sucot eguna ospatzen ari ziren, abesti tradizionalak abesten, eta, beste aldean, musulmanen errezatzeko deia entzuten zen. Jerusalemgo giroa oso berezia da, eta ezin duzu beste inon aurkitu.

Hizkuntzarekin zer moduz?

Hebreera eta arabiera ikasten ari naiz; nahastea daukat buruan, baina beharrezkoa da. Unibertsitatean eta gainbegiraleekin ingelesez ondo moldatzen naiz, baina merkatuan, adibidez, ez da ohikoa ingelesez hitz egitea. Akren, dena arabiarrez egiten da, eta, Mendebaldeko Jerusalemen, dena hebreeraz. Gramatika aldetik antzekoak dira, baina idazterakoan, ezberdinak.

Jerusalemen bi hizkuntzek topo egiten dute. Gatazkatsua da?

Palestinar guztiek mendebaldean egiten dute lan; beraz, denek dakite hebreeraz, gutxi gorabehera bada ere. Israeldarrak, aldiz, ez dira ekialdera joaten, eta ez dute arabiera ikasten, normalean.

Nolakoa da elkarbizitza, oro har?

Israeleko propaganda eraginkorra da: palestinarrak terroristak direla pentsatzen dute israeldarrek normalean, eta, beraz, arriskutsuak izan daitezkeela. Uste dut atzerritarrok oso ikuspuntu ezberdina ematen diegula israeldarrei. Adibidez, nire lankide israeldar bati kontatzen diot Palestina eta hango jendea nolakoak diren, eta berarentzat oso zaila da sinistea palestinarrek bakea nahi dutela.

Beraz, israeldarren eta palestinarren arteko bitartekari sentitzen zara, nolabait?

Pixka bat bai, eta uste dut bide bakarra dela. Nik ezin dut alderdi baten alde egin; ezin dut esan Israel estatu errepresiogilea dela: neutrala izan behar dut. Israeldarrei beste ikuspuntu bat ematen saiatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.